Intxaurrondo ernamuina non landatuko luketen galdetzen ari dira oiartzuarrei
Hildakoak gogorarazteko intxaurrondo ernamuina jaso zuen Abaraxka ludotekak. Hori non jarri nahi duten jakiteko, inkesta prestatu dute.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek emanaldia eskaini zuten Oiartzunen, urtarrilaren 31n. Saioa bukatzean, Abaraxka ludotekako kideei intxaurrondo ernamuin bat eman zieten, herriko txokoren batean landatzeko.
Intxaurrondo horrekin hil diren senide zein inguruko beste pertsonak oroitaraztea dute helburu. Abaraxkakoek inkesta prestatu dute, hiru galderekin. Lehenengo galderan eskatzen diete erantzuteko ea ados dauden intxaurrondoa landatu ala ez.
Bigarrena kokapenari buruzkoa da. Ibargain parkea, Arizmendi-eneko lorategia edo beste toki baten artean aukeratzeko eskatzen dute. Hirugarren galderarekin, berriz, landaketa egunean egin beharreko jarduera proposatzera gonbidatu dituzte oiartzuarrak.