Bihar hasiko dira Victor Fernandez Otxoa oroitzeko ekitaldiak
Gezala Auditoriumean 'Bizitza bat izoztu zuen tiroa' eta 'Sagarren denbora' dokumentalak emango dituzte. Sarrerak agortu egin dira.
Bihar, ostirala, hasiko dira Victor Fernandez Otxoa oroitzeko ekitaldiak. 19:00etan, eta Gezala Auditoriumean, bi ikus-entzunezko emango dituzte. Sarrerak agortu egin dira jada. Ekitaldi horiek Lezoko Udalak eta Egiari Zor fundazioak elkarlanean antolatu dituzte.
Lehen dokumentala Fernandez Otxoari buruzkoa da, Bizitza bat izoztu zuen tiroa. Izan ere, Batallón Vasco Español taldearen atentatua jasan zuen Victor Fernandez Otxoa lezoarrak 1981. urteko otsailaren 27an. Hernaniko taberna batean ari zen lanean estatu terrorismoaren ordezkariek bizkarrean tirokatu zutenean. Tetraplegiko utzi zuten, eta 14 urte geroago hil zen etengabeko oinaze eta sufrimenduaren ondoren. Ikus-entzunezkoan horiek eta beste asko jasota dituzte.
Ondoren, beste dokumental bat: Sagarraren denbora. Euskal Herriko erbesteratuen gaineko lana da.
Hilaren 21ean, omenaldia
Hil zuten lezoarra gogoan izateko ekitaldi nagusia hilaren 21ean egingo dute. Lehenik, 12:00etan Gurutze Santuaren plazan elkarteko deia egin dute. Handik martxan joango dira Altamirara, bertan bizi baitzen Fernandez Otxoa. Han, hitzaldiak, dantza eta bestelakoak izango dira.
