Sendatutako bi hegazti harrapari askatuko dituzte hilaren 20an
Igeldoko Arrano Etxean artatutako bi hegaztiak askatuko dituzte Arditurrin. Ohi bezala, gertutik ezagutzeko aukera emango dute.
Zapelatz bat eta belatz gorri bat askatuko dituzte hurrengo asteburuan, Arditurrin. Igeldoko Arrano Etxean artatu eta sendatu ondoren, beraien natur ingurunera bueltatuko dira bi hegazti harrapariak.
Ohi bezala, Arditurriko parketxeak hegazti horiek gertutik ezagutzeko aukera emango du. Hilaren 20ko goiz horretan, 11:30etik aurrera, 45 minutu inguruko jarduera bat antolatu dute. Askatu baino lehen hegazti harrapari horiei buruzko azalpenak emango dituzte, baita aldundiko basozainen lan jardueraren berri ere.
Jakinarazi dutenez, taldeak parte hartzaile kopuru mugatua izango du. Horregatik, nahi eta nahi ez eman beharko da izena. Horretarako, 943 49 50 69 edo 688 89 50 68 telefono zenbakietara deitu beharko da, edo e-posta bidez idatzi.
Covid-19rako osasun neurriak hartu beharko dira: maskara jantzita eraman beharko da, eta distantzia gorde. Adin guztietako herritarrei zuzenduta dago, eta prezioa hiru eurokoa izango da. Azalpenak euskaraz izango dira.