"Baserriak gaur arte iraun badu, egokitzen jakin duelako da"
Oiartzuarrak ‘Baserri hedatua. Jardute sinbolikotik artekaritzen eremura’ tesia defendatu zuen iaz. Euskal identitatearen eraikuntzan erreferentzia dena ikertu du Etxebestek.
Oiartzuarrak ‘Baserri hedatua. Jardute sinbolikotik artekaritzen eremura’ tesia defendatu zuen iaz. Euskal identitatearen eraikuntzan erreferentzia dena ikertu du Etxebestek.
Zergatik aukeratu zenuen baserria?
Arteko graduan bilatzen da bakoitzak bere prozesua edo bere lanak egitea. Hasieran oso bideratuta dago esperimentaziora. Hirugarren eta laugarren urtean aukeratu ditzakezu zure gaiak. Laugarren mailan ariketa txiki bat egin nuen, erreferente propioetan oinarrituta: aitona eta amona; memoria hori nola galdu den…
Gainera, identitatearekin interesa badaukat, baita kulturalki ere. Interbentzio bat egin nuen, aiton-amonen argazkiak baserrian jarrita; eta beste bat, sagardotegi bat berriro eraikitzearena, gure baserrian gertatu zen bitxikeria batean oinarrituta. Ugaldetxo auzoko Mikelentxone baserrian, zehazki.
Motibazioak eramaten zaitu aurrera: Oiartzunera etorri nintzen Iruñetik, hamabi urterekin, eta Mikelentxone zara. Bataiatuta bezala zaude, eta ez duzu ulertzen. 21 urtean horrek markatzen zaitu, eta badago jatorrietara bueltatzeko interes bat.
Nire erantzuteko modua zen zerbait egitea, artearen bitartez. Lehendabizi ikusi dut zer den baserria, eta gero irudi hori lantzen joan naiz.
Lan honetan hainbat diziplina landu dituzu: etnografia, soziologia… Arrotzak egin al zaizkizu?
Nire terrenora ekarri ditut. Beti ematen du errespetua zurea ez den eremu batean aritzeak; baina, aldi berean, arteak ematen duen malgutasun eta askatasunarekin.
Baserria lantzerakoan, elkarrizketen erregistroak egin ditut, eta horrek gehiago dauka etnografiatik. Lantzeko modua ez da etnografiarena, ez dut katalogazio bat egiten, adibidez. Nahasketa horrek asko irakasten dizu.
«Baserria atzeratua bezala ikusten da, baina bada topiko paradisiako bat»
Zure baserria izan zen abiapuntua, baina lanketa osoagoa izan da: baserriaren iruditeria, sinbolismoa… Baserriaren mitifikazioa zerbait modernoa al da?
Nazionalismoarekin eztanda egon zen, eta bata bestearen kontra ibiltzeko erreakzioa. Badago norberaren tradizio eta baloreekiko miresmen bat. Erromantizazio bat, finean.
Gero gauzak asko aldatu dira, gizartea aldatzen den heinean, gu ere aldatzen goaz. Polarizazio bat gertatu da hor: alde batetik, atzeratuta gelditzen den zerbait da, baina bestetik bada topiko paradisiako hori.
Irakurketa hori gehiago egiten dute baserri kanpotik barrutik baino?
Azkenaldian badaude ekarpen asko baserritik bertatik egindakoak; adibidez, baserrian bertan kontzertuak egitea. Horrek berdefinitzen du zerbait. Baserritarrek eduki al dute aukera hori kanpotik, hiritik edo komunikabide batetik izan ez bada beraien burua definitzeko? Nork du fokua? Konplexua eta zaila da.
Maila guztietan existitzen da nork sortzen duen narratiba bat. Horregatik, ni beste aldean kokatu naiz: ea mikroerrelatoetatik nola sor daitekeen bestelako kontakizun alternatibo bat. Berriro birpentsatuko duena; aukera hori ematen du arteak. Lanak harago joatera gonbidatzen du, hartu-eman hori bilatzen du.
Baserriaren mitifikazioarekin batera, baserritar edo kaxero hitza modu gutxiesgarrian erabiltzen da.
Badago hori ere: isolatuta geratu direla, gaztelaniaz hitz egiteko gai ez direla… Baserriak gaur egunera arte iraun baldin badu egokitzen jakin duelako da. Bestela, ez lukete 500 urte iraungo.
Hiru zatitan banatu zenuen tesia, baserriarekin zerikusia duten hainbat alor aztertuta. Lehena azterketa bat da.
Lehenengo zatian, baserriaren definizioa bera bilatzen da: nola eraiki zen, nola pentsatu den… Ekarpen ugari daude, tubalismotik hasi, foruen galeratik, nazionalismotik eta 1936ko Gerratik pasatuta. Zein inpotentzia dagoen euskal identitateari eusteko eta kultura babesteko, erasoen kontra. Horren aurrean zein erantzun artistiko eman diren ikusi dut, XIX. mendetik abiatuta.
Testuinguru bat sortu zen, Pizkundearen garaian: lehenengo ekarpen piktorikoak (Arteta, Zubiaurre) daude, idiosinkrasia bat sortu zutenak. Etnotipo bat sortu zen, Ipar Euskal Herriko souvenirretan aurki daitekeena. Horrez gain, Jesus Guridik zarzuela oso bat sortu zuen Madrilen, baserria kokaleku zuena.
«Baserria beste modu batean pentsatzen hasten garenean, orduan hasten da hitz egiten»
Txirritarekin kontrako jolasa egin dut. Jaso zituen kopla eta sortutako bertsoekin izan zen baserritar bat baserritarren moldea apurtzen zuena, eta hala ere, baserriaren narratiba hori oso gertutik kontatu zuena, modu errealistago batean, bere esperientziatik. Xabier Letek ere antzekoa egin zuen.
Gerra ondorengo egoerara pasatzen naiz, adibidez Gabriel Arestiren Aitaren etxea-rekin. Ia-ia ereserki bat sortu da. Ondoren amamen baserria, Amama filma bera…
Txillidaren etxera ere pasa gaitezke. Hor ikusten da nola hustu den museo bat eta bihurtzen den euskal identitatea jasotzeko toki bat. Azterketa horren ondoren, Urrezko dekadentzia izeneko zatia dago.
Zergatik Urrezko dekadentzia?
Kontrajartzen saiatzen naiz nola ondarea saiatzen den etengabe iraganean jartzen, nola baserria ez dela existitzen esan, eta jendea harritzen den. Kontua da nola ulertzen dugun baserria. Baserria existitzen ez dela esaten badugu, zer ari da gertatzen gure identitatearekin? Eztabaida horretan kokatu naiz ni.
Bukatzeko, kritikoago den lanketa bat dago. Baserria komunikatiboki nola lantzen den aztertu. Adibide argiena da Baserria saioa. Horrez gain, pintxoak, gastronomia, sagardotegiak, baserri batzuetara egin daitezkeen bisita birtualak… Guztiak aukera berriak sortzen ditu baserria ulertzeko moduetan, eta ez hainbeste iraganeko baserri tradizionalaren patroiekin lotuta, nahiz eta oraindik badauden horrelakoak.
Nola mitifika daiteke maiorazkoa bezalako ohitura zuen erakunde bat? Alegia, senide zaharrena geratzen zen etxearekin, eta besteek alde egin behar zuten.
Instituzio bezala, balore juridiko eta politiko batzuek dituelako, nahiz eta ez izan jasangarria. Bertan jaiotako askok aurrera egin ahal izan dute hiriari esker, edo kanpora joateari esker, edo fraide edo moja sartuta.
Finean, egiten dudana da artetik aztertu nondik datozen baserriaren irudi horiek, eta zein den paradoxa: erreferente eta konnotazio batzuk daude etengabe; modu batera edo bestera egokitzen dira, oraindik ere propiotzat sentitzen ditugu. Baina, era berean, berritzen joaten dira. Arropa garbigailu bat baserrian sartzen badugu edo wifia jarri, baserria aldatu egiten da.
Instagramen #baserria bilatuta, zein irudi ditugu? Dena da tematismo hori: janaria, ezkontzak… Orduan, ikusi behar da nola mugi dezakegun erreferente hori, gure egiteko.
Zein proposamen egiten duzu tesian?
Kutxa beltza ariketa egiten dut. 1970eko Oiartzungo baserri batzuen argazkiak hartu eta horiekin jolasten dut. Nire motxila kendu behar izan dut, eta ez sentitu nire erreferenteak botatzen ari naizela.
2D dimentsioan zeuden argazkiak hiru dimentsiotara pasatu nituen, eta kutxa beltzaren metafora bat egin: ez dugu ikusten zer gertatzen den kutxaren barruan, eta beste informazio bat azaleratzen da. Kutxa hori irekitzen hasten bagara, kanpokoarekin harremanetan jartzen hasten da. Hor posible dugu eragin, edo gu parte hartzen, edo baserria bera parte-hartzaile bihurtzen eta aktibo bezala irekitzen hasten.
Teorikoki egiteaz gain, praktika ere izan da. Elkarrizketak egitera joan izan naizenean, mikrofonoa jarri eta zerbait eraldatzen da, ez da lehen bezala.
«Mikroerrelatoetatik beste mota bateko kontakizun alternatibo bat sortu dut»
Sagardotegia omen zan proiektua ere egin genuen. Mikelentxone gure baserrian sagardotegia zegoen, Ardotx eta Larraburu bertsolariek gatazka bat eduki omen zuten bertsotan, eta Ardotxek haserre alde egin zuen. Larraburuk harrikada bat eman zion buruan.
Gure baserriko txoko hori hustu, eta sagardotegi bat egin genuen. Bazkari bat antolatu genuen, familiarekin, eta Alaia eta Jon Martin bertsolariak gonbidatu genituen. Esperientzia berri bat sortu dugu. Bi kasuetan, espazio bat daukazu, mobilizatu dezakezu eta iruditeria hori berreskuratzen duzu, baina eraberrituz. Beste lau ariketa gehiago egin ditut.
21 Aulkiren barruan, tailer teoriko-praktikoa eman zenuen. Nola joan zen? Gehiago egiteko asmorik al duzu?
Tesiaren ibilbideari buruz hitz egin nuen, baita kutxa beltzaren ariketari buruz ere. Tesirako, sagardotegiarena egin genuenean edo zazpi elkarrizketak egitean, ez dut nik hitz egiten, baserriak berak baizik.
Baserria beste modu batean pentsatzen dugunean, orduan hasten da hitz egiten. Ahots batek, besteak, soinuak berak, eguraldiak… egitura kolektibo bat sortzen dute. Laborategi horretan zerbait kolektiboa sortzea proposatu nuen. Collage bat egin zuen bakoitzak, bakoitza bere bizipenetatik abiatuta.
Prest egon ziren denak batera jarri eta beste artikulazio bat sortzeko. Uste dut jendea oso gustura geratu zela, eta nahiko nuke horrelako gehiago egiten hasi. Oinarri metodologikoa badago, eta sor daitezke tailerrak.