Motxian Eby bideo lehiaketan lau erronka, zirikatzaile batekin
12-16 adin tartekoentzako euskarazko bideo lehiaketa da Motxian Eby. Erronka bakoitza irabaziko duen bideoak 120 euroko saria jasoko du.
Hemen da Motxian Eby gazteek euskarazko bideoak egin ditzaten egitasmoa. 12-16 adin tartekoentzat dago bideratua lehiaketa, Oarsoaldeko Euskara Batzordeak antolatua.
Aurten, berritasunekin dator lehiaketa. Lau epetan lau erronka bete beharko dituzte bideoen egileek; erronka horiek astero-astero ezarriko ditu zirikatzaile batek: hilaren 17 eta 24an, nahiz martxoaren 3 eta 10ean egingo ditu proposamenak erronka modura zirikatzaile horrek. Adibidez, musika bat eman, eta harentzako koreografia bat asmatzea edo sortzea izan daiteke erronketako bat. Proposamenak Motxian Ebyren webgunean plazaratuko dituzte.
Zirikatzaileak erronka luzatuta, bideoak emateko txanda iritsiko da, lau eperekin:
- Lehen erronkari dagokiona, otsailaren 22ra arte.
- Bigarren erronkari dagokiona, martxoaren 1 arte.
- Hirugarren erronkari dagokiona, martxoaren 8ra arte.
- Laugarren erronkari dagokiona, martxoaren 15era arte.
Erronka bakoitzerako bideoek gehienez bi minutuko iraupena izan behar dute, eta noski, edukiek euskarazkoak behar dute izan.
Asteko erronkaren bideo irabazleak 125 euroko saria izango du. Lau erronkak bukatzerakoan, Kuadrillategiko gazteek erabakiko dute jasotako bideo guztien artean (lau erronketakoak) zein den onena haien ustez. Bideo horrek 200 euroko saria du.
Lehiaketan parte hartzeko baldintzak eta bestelako xehetasunak Motxian Ebyren webgunean daude.
