Indarkeria matxistak hildako Kontxi eta Mohamed gogoan
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta kalea hartu du mugimendu feministak gaur arratsean. Zumardian elkarretaratu dira hamarnaka herritar Sestaoko Kontxi Gonzalez eta Gasteizko Mohamed Amineren erailketa matxistak gaitzesteko eta nahikoa dela esateko.
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta kalea hartu du mugimendu feministak gaur arratsean. Zumardian elkarretaratu dira hamarnaka herritar Sestaoko Kontxi Gonzalez eta Gasteizko Mohamed Amineren erailketa matxistak gaitzesteko eta nahikoa dela esateko.
Kontxik 56 urte zituen eta haren senarrak hil zuen. Senarrak bere buruaz beste egin zuen, eta Bilboko itsas adarrean aurkitu zuten haren gorpua. Gertakariaren berri ematera etxera joan zirenean aurkitu zuten emakumearen gorpua, indarkeria zantzu argiekin.
Mohamed Amineren kasuan, neska lagunaren bikote ohiak sastatu zuen, eta eragindako zauriengatik hil zen.
Aste iluna izan dela pasa dena esan du mugimendu feministak elkarretaratzean, “indarkeria matxistak bi hildako gehiago eragin ditu, Kontxi eta Mohamed. Gainera, ostegunean, Naizen taldeak adingabe bati Iruñean eraso transfoboa egin ziotela salatu zuen. Hiru eraso aste bakarrean eta bi eraildako gehiago gure zerrenda amaigabean. Euskal Herrian 109 emakume eta 11 haur hil ditu indarkeria matxistak dagoeneko. Espainiako Estatuan aurten izandako hilketa matxistak bederatzi dira, eta Frantziako Estatuan ez dituzte beste hilketetatik bereizi ere egiten indarkeria matxistak hildakoak”.
Ezin dela ulertu aldaketa eraginkor sakonik ez egitea mendeetan emakumeak hiltzen ari diren bitartean salatu dute bildutakoek, “ema,kumeak bigarren mailako hiritarrak gara, ezin da bestela ulertu”. Biolentzia matxista ez dela soilik eremu pribatuko kontua ere nabarmendu dute, “erailketa hauek ez dira etxeko trapu zaharren ondorioz ematen, hauen azpian, oinarrian, patriarkatua dago; ondo pentsatu eta antolatutako sistema, bizitzaren esparru guztiak ukitzen dituena”.
Nortasuna eta bizimodua libreki hautatu eta egiteko eskubidea ukatzen zaiela esan dute, egunero, munduan zein Euskal Herrian, “emakumeak erailak izaten ari gara, irainduak, bortxatuak, kolpatuak”.
Horren aurrean, prebentzioan eta erantzunean jarriko dutela indarra esan dute, autodefentsan sakontzen jarraituko dutela, “erasoen aurrean ezingarelako ez ixilik ezta geldirik ere geratu. Gure auzo eta herrietatik erasotzaileak baztertzen jarraituko dugu”.