Gizonezkoentzako sauna bateko drama, iganderako antzerki plana
2018ko Cafe Bar Bilbao saria lortu zuen antzezlanak. Bi saio egingo dituzte igande arratsaldean. Sarrerak Garmendi txokolategian daude salgai.
Oiartzungo Antzerkizaleen Elkarteak antolatuta, Lurrun minez antzezlana jokatuko dute datorren igandean, udaletxeko pleno aretoan. Bi saiotan egingo dute. Lehena 17:00etan izango da, eta bigarrena, 19:00etan.
Sarrerak astean zehar salduko dituzte, Garmendi txokolategian, bost euroren truke.
Galder Perezen gidoiak Euskarazko Gidoirik Onenaren saria jaso zuen 2018ko Café Bar Bilbao Antzerki Sarietan. Olatz Gorrotxategik zuzentzen du antzezlana, eta Gaizka Chamizo, Jon Koldo Vazquez eta Pelayo Serranok jokatzen dituzte paperak. Honakoa da Lurrun minez antzezlanaren sinopsia:
Hiru marikaren arteko drama psikologiko, sozial eta sexuala da Lurrun minez. Hiruki arrosa. Daviden Erreinua izeneko gizonezkoen sauna batean gertatuko da ezusteko topaketa. Ustez anonimatuan gertatzen den sexu trukerako espazioa izango da hirurentzako elkargunea.
Alexek, 30 urte ingurukoak, bertan lan egiten du. Bere buruari Mari Matraka Erregina deitzen dio. Oskarrek 44 urte inguru dituen institutuko irakaslea da, saunako ohiko bisitaria da. Jesusek 19 urte ditu eta lehengoz joango da gay sauna batera.
Gabon gauean itxita egon behar luke saunak, baina Alexek bere kabuz irekitzea erabaki du, opari ederren bat jasotzeko esperantzaz. Beste pertsonaiak iritsi ahala, lurrun artean ezin ikus daitezkeen hariak argitara azaltzen joango dira, askatzeko zaila izango den lokarria sortu arte.
Parranda orgiastikoa izan nahi du gauak. Baina dibertimendu eta libertimenduan bizirauteko ospakizunak, kontraesanek, gezurrek eta minek bustitako lurrun gaua izaten bukatuko du. Izan ere, gorputzek jaia eta politika egin nahi badute ere, herentzia pisutsua jasaten dute oraindik, benetako borondate askeak zapuzten dituen herentzia soziala.
Desirak eta beldurrak, alkohola eta pasioa, ezinegona eta nahiak, izerdia eta lurruna, beldurrak eta beharrak, lumak, gorputzak eta arimak nahastuko dituen koktela izango da gabon gau hau.