Altzate Bizirik: "Ez dugu ulertzen udal hau promotore urbanistikoen aldeko marketin kanpainan aritzea"
Plataformak udalari eskatu dio eremu berde naturalen urbanizatzea burutzeko erabakia berriz ere azter dezala, eta herritarren "benetako" parte hartzea.
Altzate Bizirik plataformak Errenteriako Udalari kritika egin dio, Altzateko eremuan egin asmo den egitasmoaren gaineko iritzia plazaratuz. “Ez dugu ulertzen udal hau promotore urbanistikoen aldeko marketin kanpainan aritzea”, esan dute.
Horren harira, eskaera zehatzak egin dizkiote udalari: “Eremu berde naturalen urbanizatzea burutzeko erabakia berriz azter dezala, klima aldaketaren aurkako borrokan aurrerapauso bat emanez eta herritik eraginez, eta erabaki dezala Errenteria-Oreretan bizi garen pertsonok dugun espazio libre naturalen beharra betetzea; eta herritarren benetako parte hartzeko plan bat abia dezala eragiten diguten arlo guztietan, planteatzen diren aukera guztiak kontuan hartuz”.
Plataformakoek ez dute begi onez ikusten “udal hau eremu berde naturalak zementuz betetzeko grina bizian tematzen jarraitzea”, argudiatuz klima aldaketaren larritasun egoera “gainera” datorrela. Gainera, deitoratu dute “kutsatutako ibai batean” hondartza egiteko asmoa izatea. “Herritarrei ez dizkie jakinarazten udalak halako jarduerek izango dituzten ondorio txarrak. Ez die esaten Altzate urez bete daitekeela onartzen duela, baina Iztieta eta Ondartxo auzoei kalteak ekarriko dizkien urbanizatzea baimentzen duela; ez die esaten Alzateko lurra kutsatua dagoela”.
Beraun eta Galtzarabordan (Esnabiden), Pontikan, Erdialdean (Gamongoan) eta Izietan egitekoa den zubi berrian trafikoa handituko dela uste dute plataformakoek, “eta ez die herritarrei esaten trafiko horrek sortuko duen zarata eta kutsadura eta CO2aren handitzea”.
Hein berean, deitoratu dute udalak “herritarren parte hartzerik gabeko” planak egitea, “udal bizitzako beste arloetan hainbeste harrotzen denaz, baina jarduera horiek garrantzi handikoak eta urbanistikoak direnean, parte hartzeko ateak ixten zaizkigu, baita informazioa jasotzekoa ere, plan horiek kalte egiten badigute ere”.
Altzatekoa ia duela hogei urteko gauza dela esan dute plataformakoek, “interes espekulatiboen arabera egina izan ere, jasaten dugun krisi ekonomikoa kontuan hartu gabe, boom urbanistikoak sortutakoa zein COVID-19ak sortutakoa, eta babesgabeko herritarrak kaltetzen dituena betiko espekulatzaileen mesedetan: bankuak, funts putreak, enpresa eraikitzaileak…”.