39 urteko exhibizionista bat identifikatu du Udaltzaingoak
Oiartzungo gizonezko bat Antxon ekintza exhibizionistak egiten ari zela jakinarazi zioten bizilagunek udaltzaingoari. Zehapen-espedientea ireki dute.
Pasaia eta Errenteria-Orereta arteko bidegorrian atzeman zuten gizonezkoa. Atzo 19:30ean zenbait emakumek Pasaiako Udaltzaingoari dei egin zioten, Pasai Antxoko kale batzuetan ekintza exhibizionistak egiten ari zen gizonezko bat ikusi zutela-eta. Udaltzainek gizona aurkitu eta identifikatu zuten Pasaia eta Errenteria-Orereta arteko bidegorrian, herritar batzuk hura atxikitzen ari zirela.
Identifikatutakoa 39 urteko gizonezkoa da, Oiartzungoa, eta aurrekariak ditu antzeko gertakariengatik. Udaltzainek haren aurkako zehapen-espedientea ireki zuten; izan ere, exhibizionismoa despenalizatua dago, eta biktimak adingabeak edo desgaituak badira bakarrik jazar daiteke bide penaletik.
Udaltzaingoak jakinarazi du Antxon aurreko astean izandako eraso matxistaren ondorioz, prebentziozko zaintza ezarri dutela bereziki barruti horretan, pertsona hori aurkitu eta identifikatzeko helburuarekin.
