2022koa handiagoa eta ederragoa izango da
Oarso Bidasoan iaz egin zen azken mendiko lasterketa Lezo-Jaizkibel izan zen, otsailaren 16an. Aurtengoa bertan behera geldituko zela abenduan iragarri, eta 2022ko ekitaldian ezarri dute gogoa.
Ander Iñarra lezoarra, iazko lasterketan, plazako helmugara iristen. Oarso Bidasoan 2020an egin zen azken mendiko lasterketa Lezo-Jaizkibel izan zen. Ander Iñarrak eta Ainhoa Sanzek irabazi zuten. Igandean izango ziren egitekoak aurtengo ekitaldia, zortzigarrena. Baina ezin. Arrazoia, bat eta bakarra: koronabirusa. «Egoera honetan zerbait antolatzea ezinezkoa da. Zerbait antolatzekotan, gure indar eta izatearen aurkakoa izango litzateke», adierazi du Ibon Intxaurrandietak, etsipenez.
Intxaurrandieta azken urteetan lasterketaren antolaketan buru eta arima lanean ibili den lantaldeko kideetako bat da: «Gurea herri antolaketaren ondorio bat da, eta egoera honetan gure armarik garrantzitsuena den auzolanik gabeko ekitaldi batek ez du zentzurik». Mendiko lasterketen egutegian Lezo-Jaizkibel gorenean jarri du herri antolaketak. «Lezo herri bizia da. Belaunaldi bakoitzak bere ekitaldi eta antolaketak egin ditu urteetan zehar. Herrigintzan dabiltzan eta ibili diren lezoar asko dago, eta gure ondorengoek ere haritik tiraka jarraitzea gustatuko litzaiguke».
Elkarlana da lasterketaren giltzetakoa. Baina aurten elkarlanerako baino, distantziarako unea da xomorroa-gatik. «Hurrengo urtean, Gurutze Santuaren plazan, lasterketaren ondorenean, txorizo pintxoarekin eta sagardo tragoskarekin aurtengoaz hitz egingo dugulakoan gaude…».
2020ko abenduan iragarri zuten aurten ez zela lehia egingo. «Sentsazio arraroa da aurtengoa. Azken urteotako prestaketa lanek eragindako urduritasunak, azken orduko arazoei imajinazioz aurre egitea, eguraldi iragarpenak, herriko jendearen galderak eta lan antolaketa… Iaz juxtuan libratu genuen eta ez genuen espero urte baten buruan egoera honetan egotea», dio lezoarrak.
Jaizkibel gozatu, defendatu, zaindu
Mendiko lasterketaren antolatzaileen helburuetakoa da mendiaz gozatzea, Jaizkibel osotasunean ondarea dela aldarrikatzea, defendatzea eta zaintzea. Eta aldi berean herria girotzea, bizitza ematea. Intxaurrandietak aitortu du izango direla lezoarrak asteburu honetan, oinez edo lasterka, mendira joango direnak, nostalgia puntuarekin, lasterketaren ibilbidea egitera. Iritsiko da 2022ko Lezo-Jaizkibel, lasai. 5
