[Bideoa] Pablo Haselen askatasuna aldarrikatu dute
Elkarretaratzea egin zuten atzo arratsean Herriko Plazan. Abesten duenagatik baino, Hasel bere militantzia politikoagatik espetxeratu dutela adierazi zuten.
Pablo Hasel rap kantari katalanaren askatasuna eskatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo arratsean Herriko Plazan, Oreretako Amnistiaren Aldeko Herri Ekimenak deitua. Mobilizazioarekin bat egin zuen Pasai Donibanetik iritsi zen zutabe batek.
Kartzelan da Pablo Hasel rap kantari katalana. Asteartean atxilotu zuten. «Terrorismoari gorazarre» eta «Koroari eta Estatuko erakundeei irain» egin izana egotzita, Espainiako Auzitegi Nazionalak bederatzi hilabeteko espetxe zigorra, sei urteko inhabilitazioa eta ia 30.000 euroko isuna ezarri zizkion, eta joan den asteko ostiralean amaitu zen kartzelan bere burua aurkezteko epea. Halakorik ez zuela egingo iragarrita, Lleidako Unibertsitatean (Herrialde Katalanak) itxi zen musikaria astelehenean. Mossoak bertara sartu ziren astearte goizean, eta protesta artean eraman zuten atxilo, Lleidako Ponent espetxera. Aurretik ezarri dizkioten kondenak kontuan hartzen badira, hamar urtera arteko espetxealdia izan dezake musikariak.
Elkarretaratzean adierazi zutenez, adierazpen askatasunaren kontrako erasoa izan da Hasel auzipetu eta espetxeratzea, “faxismoak edota klase menperatzailearen aldeko interesei erantzuten dio. Klase zapalduak, langilegoak, ez du adierazpen askatasunik, monarkiari irainak egin edota terrorismoaren gorazarrearen aitzakiapean gudarien omenaldiak debekatzeraino”. Alta, Hasel kantatzen duenagatik ez dutela espetxeratu nabarmendu zuten, “bere militantzia antifaxista eta komunista aurrera eramaten duelako baizik”.
Euskal Herrian izan diren beste kasu batzuk izan zituzten gogoan. Adibidez, Valentina Morisolli eta Gaizka Astorkizagaren, nahiz Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren kasuak izan zituzten gogoan.
