Errenteriako PSE-EEk Etxebizitza Sailari eskerrak eman dizkio gazteentzako zuzkidurazko etxebizitzengatik
Herriko gazteentzako zuzkidurazko 51 etxebizitzak Errenteriako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmen bati esker gauzatu dira.
Errenteriako PSE-EEk eskerrak eman dizkio Eusko Jaurlaritza Etxebizitza Sailari martxan jarri delako gazteentzako zuzkidurazko etxebizitzen egitasmoa. Iñaki Arriolak (PSE-EE) zuzentzen du sail hori. “2008ko azaroaren 28an onartu zuen udalbatzak egitasmoa, Juan Carlos Merino alkate zela”, esan dute herriko sozialistek. Etxebizitza horiek Errenteriako Udalak eta Jaurlaritzak adostutako hitzarmen bati esker atera dira aurrera.
Isaac Palencia PSE-EEren udal taldearen eledunak nabarmendu du Arriolak Errenteriarekin duen konpromisoa berretsi egin duela gazteentzako ekipamendu horrekin. “Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza politikei esker, eta herriko sozialisten udal taldearen bultzadarekin, 2017an berreskuratu egin zen geldirik zegoen hitzarmena. Horri esker, herriak gazteentzako zuzkidurazko 51 etxebizitza ditu”. Sozialistek zehaztu dute aurki publikatuko dutela Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) etxebizitza horiek esleitzeko prozesuaren informazioa. Agindua Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamar egun baliodunetan aurkeztu ahal izango dira eskabideak telematikoki, aurrez aurre Zuzenean Zerbitzuan ( Andia kalea 13, Donostia) aurretiko hitzorduarekin, edo posta bidez (Gipuzkoako etxebizitza lurralde ordezkaritza, Andia kalea 13, 6.a 20.004 Donostia).
Palenciak adierazi du, Errenteriako iniziatiba ez dela bakarra Jaurlaritzaren politiketan. Adibidetzat jarri du Gaztelagun egitasmoaren bidez gazteek alokairuan dauden etxebizitzetara sarbide errazagoa dutela, EAEn 2.000 gaztek egin dutelarik bat laguntza horrekin. “Bide zuzenean doazen egitasmoak dira, eta herriko gazteentzako oso lagungarri aldi berean. Gazteek emantzipaziorako duten aukera prekarioa da, eta etengabe eskatzen ari dira etxebizitzaren beharrari aterabideak”.