«Uste dugu jendeak jakin behar duela zer gertatu zen, gaiaz hitz egitea mingarri bazaigu ere»
Hilaren 27an 40 urte beteko dira Victor Fernandez Otxoa tirokatu eta tetraplegiko utzi zutela Batallon Vasco Españolen atentatu batean. Hamalau urtera hil zen lezoarra. Igandean omenaldia egingo diote.
Larri zauritu zuten Victor Fernandez Otxoa, zuen aita eta anaia, 1981eko otsailaren 27an Hernaniko Benta Berri bere tabernan lanean ari zela, bizkarretik tirokatuta. Nola oroitzen duzue egun hura?
JESUS MARI FERNANDEZ OTXOA: Arazo baten aurrean irtenbideak bilatzen saiatzen zara. Gogoan dut lanean nengoela, irratiz jakin nuela. Lehen unean, ‘ez da posible’ pentsatu nuen. Berehala arrebak deitu zidan; ahalik eta azkarren ospitalera joatea erabaki genuen. Oso gaizki zegoela esan ziguten. Hori gogoan dut, iltzatuta dut une hori. Anaia oso gaizki zegoen eta anbulantzian Donostiako ospitaletik Toledoko zentrora. Oso bidaia luzea, txarra, arriskutsua izan zen, azken hatsa zuela iritsi zen.
Momentu gogorrena izan zen iloba [Oskar Fernandez] negar batean ikustea ospitaleko gelatik igogailuan jaisten ari ginela; heldu, eta ‘zer egiten duzu?’ esan nion. Hori izan da niretzat une gogor eta kontrolaezinena. Gero arazoak etorri ziren: ekonomikoak, nora etorri… Berak Lezora etorri nahi zuen familiaren nukleoa bazeukalako; hasieran gurasoen etxera etorri zen hutsa zegoelako, eta ondoren Altamiran egin zituzten babes ofizialeko etxeetan pisu askoz egokiagoa erosi zuten.
OSKAR FERNANDEZ LARUNBE: Inauteri ostirala zen. Gau euritsu eta haizetsua izan zen. Gu taberna gainean bizi ginen, eta zuhaitzen bat erori zen gauean, kolpe lehorra entzun genuen, baita tiroa ere 06:20an, baina beste zuhaitzen bat erori zela pentsatu genuen. Aitak goiz zabaltzen zuen taberna, langileak ogitarteko bila etortzen zirelako. Gero Atotxako merkatura joaten zen fruta bila tabernarako. Bezero bat sartu omen zen, langile bat, ogitartekoak prestatzeko eskatzera eta gero pasako zela bila, eta tarte horretan, bera eskaera apuntatzen ari zen bitartean tiro egin zioten bizkarretik. Zerraldo erori zen, eta ez zen mugitu ere egin, gerora esan zigunez, argi zuelako ez zela bala bakarrarekin joan tirokatu zuena. Etzanda gelditu zen ezer egin gabe, tirokatu zutenek alde egin zuten arte.
Tiroak tetraplegiko utzi zuen, eta hamalau urtera hil zen.
J.M.F: Laugarren orno zerbikalean eman zioten tiroa, horrek ez du atzera bueltarik.
O.F: Abisatu gintuztenean, tabernako lurrean botata zaurituta aurkitu genuen, kontziente zegoen. Amak berehala esan zidan aitak ezingo zuela berriz oinez ibili; ez nuen sinistu nahi eta eskolara joan nintzen… Baina ezin nuen eta osaba baten etxera joan nintzen Donostiara, aita eta ama Toledon izan ziren bitartean.
Amarekin [Margarita Larunbe] oroitzen naiz ikaragarri, nola pasa ote zuen; aitak 44 urte zituen, berak beste hainbeste.
J.M.F: Beti kantari koinata. Anaiak, La Callas deitzen zuen. Naparra zen. Izugarrizko martxa eraman zuen hamalau urte horietan, gero, alargundu eta ezer egin gabe gelditu zen. Aterarazten genuen, Nafarroara eraman.
O.F: Ibiltzea zuen gustuko, eta bat-batean nekea sumatzen hasi zen, neke ikaragarria. Hezurretako mieloma diagnostikatu eta aita hil eta hiru urtera hil zen ama. Pena handiena dut, bilobak ez zituela ezagutu; alaba zaharrena, nire ama hil eta urtebetera jaio zen.
Nola izan ziren atentatua osteko hamalau urte horiek Victor [Fernandez] berarentzat eta familiarentzat?
O.F: Bere izaeragatik, oso ondo eraman zuen; niri gertatu izan balitzait inguru guztia ernegatua nuke.
J.M.F: Familiaren zentroa bihurtu zen Victor, Margarita eta Oskarren etxea, denak joaten ginen. Oso gutxitan egon dira bakarrik. Anaia oso umoretsua zen, baita atentatuaren ostean ere; egun batzuk oso txarrak zituen mina eta ezinegonarekin, baina nahikoa ondo eraman zuen bere izaerarengatik.
O.F: Ezer gutxirekin konformatzen zen aita, pilota partidak ikaragarri gustatzen zitzaizkion, eta aldian behin Anoetara eramaten genuen frontoira. Oso mugatuta zegoen. Burua baino ezin zuen mugitu. Burua oso ondo zeukan, oso ondo.
J.M.F: Gustatuko litzaidake batzuetan anaiak zuen umorea izatea.
Atentatuaren egileak atxilotu eta zigortu zituzten.
J.M.F: Bai, hala da, epaitu zituzten egileak eta zigortu zituzten 231 urtera. Batallon Vasco Españolen izenean egin zuten.
O.F: Ladislao Zabala Solchaga eta Ignacio Iturbide Alkain izan ziren atentatuaren egileak.
J.M.F: Andoaindarra zen Iturbide, familia onekoa, baina ardi beltza. Ez dakit droga munduan sartuta zegoen edo ez, baina mundu horretan sartuta zegoen Jesus Arrondo Cocoliso-rekin harremana zuen. Zornotzan udaltzain izan zen, soldata kobratzen baina sekula lanik egin gabe, eta garai hartan atera zen pistolarekin festetan, ikurrina ateratzen bazen han azaltzen zen katea eta batearekin. Atxilotu zuten alderdi komunistaren Donostiako egoitzari su emateagatik, eta Askatuak saskibaloi taldeko egoitzari su emateagatik ere. Bost hilabete espetxean eman eta kalera atera zen. Tolosako auzitegiak bilatzeko eta atxilotzeko agindua zabaldu zuen, atxilotu baino bi urte aurretik. Jendeak bazekien zertan ari zen, oso oldarkorra zela. Perturren gurasoen etxearen kontrako erasoarekin ere lotu zuten. Bere bidea zuen.
Ladislao Zabala, berriz, betidaniko leinu karlistatik zetorren, zati bat zen nazionalista, eta senatore izan zuen aitaren aldeko osaba bat. Amaren aldetik muturreko frankistak ziren. 1970etik 1980era, Burgos, Carrero Blanco, greba orokor mordoa, salbuespen estatua, Francoren heriotza… Konbultsio handiko garaiak izan ziren eta bateren bati iruditu zitzaion zerbait mugitzen ari zirela eta kontrolpean jarri behar zutela, eta erabiltzen zituzten betiko metodoak: atxiloketak, errepresioa, torturak eta gerra zikina. Azken hori osagai berria. Urte eta erdi batean zazpi hildako; GAL aurreko garaia izan zen. Epaiketara joan ginen, baita Victor ere, nahikoa izorratuta.
Gogorra izan zen egoera, ezta?
O.F: Bai, oso. Beldur gaindiezinagatik hiltzen zutela eta egiten zituztela atentatuak deklaratu zuten epaitzen ari zirenean; ‘gau hartan hiltzera atera ginen, eta inor topatu ez genuenez tabernan sartu eta Victor hiltzera joan ginen’, esan zuten epaitegian.
J.M.F: Beldurra zabaltzeko zein da biderik onena? Patroi zehatz bat ez izatea. Garai hartan, 17 urteko gazte bat hil zuten, eta azkena haren osaba 26 urtekoa; tartean, Victor, Felipe Sagarna… Iturbidek egiten zuen tiro normalean, baina biek ere egin izan zuten atentaturen batean.
231 urteko espetxe zigorra ezarri zieten. Zenbat urte bete zituzten?
J.M.F: Hamar edo 11 urte. Kartzelan sartu eta 30 hilabetera Espainiako Auzitegi Konstituzionalak aske uztea erabaki zuen, eta norbaitek errekurtsoa aurkeztu eta espetxean jarraitu zuten. Hil dira biak. Iturbide 2013an eta Zabala 2015ean.
Igandean omenaldia egingo diote Victorri. Zer suposatzen du familiarentzat?
J.M.F: Niretzat ez da oso erosoa gai hauetaz hitz egitea, baina aldi berean, badakit hitz egin behar dela.
O.F: Nik ez nuen ezertxo ere egiteko gogorik, baina uste dut jendeak jakin behar duela zer gertatu zen mingarri bazaigu ere; nire alabei ere zor diet. Alaba zaharrenak Zeorri! aldizkarian idatziko du artikulu bat aitonaren gainean; gutxi zekien gertatutakoaz. 5