Ibilketa nordikoa eginez badiari buelta emango diote astero
Pasaiako Udalak antolatutako 'MakilFit' egitasmoaren baitan, astean behin ibilaldia egingo dute barrutiz barruti igarota.
Pasaiako Udalak, Badia aktiboa estrategian baitan, MakilFit egitasmoa jarri du martxan. Azken horri esker, bizilagunek badiari buelta emango diote astean behin ibilketa nordikoa eginez.
Taldea Antxoko Ibaiondo pilotalekutik abiatuko da Donibanerantz. Bertan, barruti hartakoak batuko dira martxara eta motoran San Pedrora pasako dira, azkenik Trintxerpera joanez. Ibilaldia hasierako leku berean bukatuko dute, Ibaiondon, alegia.
Aurretiko prestakuntza saio bat egingo dute gaur 18:00etan Antxoko Ibaiondo frontoian. Lehen ibilaldia martxoaren 4an egingo dute, 18:00etan hasita, eta ikasturtean zehar ostegunero, 18:00etatik 20:00etara.
Jardueran edonork parte har dezake, dohain, betiere Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Orientatzailearekin (Sara) jarrita aurretik harremanetan. Horretarako, 634 55 50 49 telefono zenbakira dei egin edo posta elektronikoz mezua bidal daiteke.