Zaurgarrienentzako bidelagun bila
Izan zaitez Harrera! proiektua aurkeztuko du datorren asteazkenean Emakumeen Etxean antolatu duen online mahai inguruaren bidez SOS Arrazakeriak.
Izan zaitez Harrera! proiektua aurkeztuko du datorren asteazkenean Emakumeen Etxean antolatu duen online mahai inguruaren bidez SOS Arrazakeriak. Proiektuaren oinarrian, gizarte mentoria, eta proiektuak berak aukera eskaintzen du pertsona migratzaile baten laguntzaile izateko. Mentoretza soziala esku hartzeko teknika sozial iraultzailea da; ezagutzen ez diren bi pertsona elkarren bidelagun egiten dira mentoretza marko batean 8-10 hilabetez.
Katalunian egin zuten halako esperientzia Generalitatearen eta mentoretza sozial koordinakundeak sustatuta Pla Catala de Refugiren markoan. SOS Arrazakeria koordinadora horretako parte da, eta Urretxindorra proiektuaren esperientzia eta koordinakundearen aholkularitzarekin, 2019an abian jarri zuen proiektu pilotu bat Bartzelonako esperientzian oinarrituta Gipuzkoan CEARekin batera.
Emakumeen Etxean egingo duten mahai inguruan proiektu pilotu hori aurkeztuko dute SOS Arrazakeria taldeko mentoretza sozialeko teknikaria den June Urionaguenak eta pasa den urtean mentore izandako Leire Ostizak. Gainera, proiektuaren aurtengo ekitaldirako Errenteria-Oreretako boluntarioak behar dituztela jakinarazi dute.
Mahai inguruan parte hartu ahal izateko beharrezkoa izango da Zoom bideokonferentzien plataformaren bidez esteka honetara sartzea. Modu horretan egitea lehenestea bada ere, internetarekin edo teknologiarekin arazoa dutenentzat ateak zabalik izango ditu Emakumearen Etxeak. Modu batean zein bestean parte hartzeko, ezinbestekoa izango da izena ematea 943 44 96 30 telefono zenbakira deituta edo posta elektronikora mezua bidalita.