Baserrietako ganadua animaliak babesteko ordenantzatik ateratzeko eskatu du Enbak
Baserrietan hazten eta zaintzen dituzten ustiapenerako animaliek badute jada araudi propioa, sindikatuak azaldu duenez, Europakoa, Eusko Jaurlaritzarena eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena.
Gipuzkoako Enba sindikatuak Euskal Nekazarien Batasunak, baserrietako ganadua, animaliak babesteko eta edukitzeko ordenantzatik ateratzeko eskatu dio Errenteriako Udalari. Ordenantza proiektua aztertzeko aukera izan duela azaldu du eta hainbat helegite aurkeztu dizkiola jakinarazi halaber, sindikatu horrek.
Ordenantzaren helburua, etxeko animalien ingurukoak arautzea dela argi gelditzen dela ordenantza bera irakurrita dio sindikatuak, eta horren gainean, ezer gutxi dutela esateko, baina helegiteen bidez eta ganadua ordenantzatik kanpo uztea eskatuta, baserritarren segurtasun juridikoa bermatu nahi duela erantsi du, “horretarako ustiapeneko animaliak salbuestea proposatzen dugu”.
Baserrietan hazten eta zaintzen dituzten ustiapenerako animaliek badute jada araudi propioa, sindikatuak azaldu duenez, Europakoa, Eusko Jaurlaritzarena eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena, “animalien ongizatea, ustialekuetako baldintza higieniko-sanitarioak eta animalien identifikazio eta kontrola arautzen dituzte”, eta ez dauka, beraz, “zentzurik” haren usteetan batez ere txakur eta katuen kasuistikarekin antolatutako ordenantzan baserrietan hazten eta zaintzen dituzten animaliak txertatzea.
Sokamuturra, zezenketa eta idi demak
Errenteria-Oreretako abeltzaintza ikuspuntutik harago jo du sindikatuak ordenantzaren gaiarekin; zehazki, 9. puntuan jasota dauden debekuei erreparatu die. Horietan zezenketa, sokamuturra eta idi demak egiteko debekua bilduta dago: “Euskal Herrian hain ohikoak eta usadiozkoak diren sokamuturra, zezenketak, idi demak… ez lirateke debekatu behar gure ustez, dagokien araudia betetzen bada”.
2014tik idi demarik ez
2014an izan zen azkenekoz idi dema udalerriko jai nagusien egitarau barruan. Sokamuturrak ere bide hori hartu zuen; 2015ean egun bakarrean egin zuten jaien egitarau barruan, eta 2018az geroztik ez da sokamuturrarik. Haren ordez, bola erraldoiaren entzierroa antolatu zuten egitarauan. Askekintzak, animalien askapena helburu deun talde antiespezistak baina, animalien sufrimendua eta indarkeria espeziestarekin maiatzeko oraindik ere urratsak egin behar zirela esan zuen elkarteak 2017an, arrantza txapelketa eta galeperra eta usakumeari tiro txapelketak antolatzen direlako. Arrantza txapelketan arrainak uretara itzultzen badira ere uretatik ateratze hutsak agonia eta amuak zauriak eragiten dizkiela salatu zuen orduan Askekintzak. Galeperrari eta usakumeari tiro txapelketan, berriz, “plazerragatik” hamarnaka animalia hiltzen dituztela gaineratu zuen.