[Erreportajea] Bizi osoko borrokaren ostean, feminismoarekin birjaio da
Pysben lanean hasi zen Mari Juli Peña, adingabe zela; ordutik, etxean nahiz kanpo aritu da jardunean. Urteekin hasi da bizitzaz gozatzen. Pasaiako emakumeen borroka goretsi du.
Emakumeen Nazioarteko Eguna hainbat emakume pasaitarrek haragituko dute aurtengoan. Horietako bat izango da Mari Juli Peña Trezet, sanjuandar biribila, nahiz eta gaztaroan navarrica ezizenez ezagutzen zuten barrutian, joan-etorri ibili baitzen urte luzez gurasoen lan beharrengatik.
Hura izango da Pasaiako Mugimendu Feministaren ahotsetako bat datorren asteburuan, bidaide izan dituen emakumeen borrokaren testigu nahiz ordezkari; haren eskuak babaz josita egotetik arin-arinak dantzatzera arte egindako bidearen aitorle.
Lau urte zituela zapaldu zuen lehen aldiz Donibane, eta ordutik «hasperen» egiten zuen txikitatik etxe izendatu zuen herrira bueltatzeko, Nafarroatik: «Jendearentzat ez nintzen inongoa, inoiz ez nengoen ez hemen ez han, baina ni beti sentitu naiz sanjuandar».
Izeba Doroteak hartu zuen etxean familiako gazteena zena, gurasoak batetik bestera ibiltzen baitziren lanaren esanetara, eta ahizpa zaharrena jaioterrian, Nafarroan, gelditu zen landan lanean. Txikiari, ordea, goiz heldu zitzaion lanerako txanda, beharragatik: «13 edo 14 urterekin hasi nintzen Pysben, ez nago ziur. Dakidana da ez nuela oraindik adinik kontratua egiteko».
«Emakumeren bat gaixotzen zenean gutxi irauten zuen»
Lan baldintza gogorrak iltzatuta ditu oroimenean: «Bakalada erraldoi horiek nik eraman baino, ni eramaten ninduten haiek» [barre egin du]. Bertan begiramenik ez zen, gazte, txiki, indartsu, argal edo lodi, denek egin behar zuten lan berdin. Hori bai, fenwick eta halako makinak gidatzen gizonak besterik ez zituen ikusten sanjuandarrak txikitatik.
Lan berdina, gutxiagogatik
Makinen gidari izateko irizpide berberak ezartzen zituzten soldatetan ere, «emakume guztiok gutxiago kobratzen genuen». Gainera, zortzi urte lan egin ondoren, ez du «sosik» ikusi egunera arte.
Lan moten gainean galdetuta, baina, ez du hark alderik atzeman: «Denok egiten genuen berdina, eta gogoan ditut bereziki herriko emakume langileak, halako paseo luzeak ematen zituztenak…».
Izebaren oin akituak etorri zaizkio gogora: «Hura, arrain saskia eskuartean, Oiartzunera joaten zen saltzera oinez. Azkenean, haren orkatilek lurra ukitzen zuten urteetan hainbeste pisu eraman izanagatik». Ez izeba bakarrik, lehengusina Manolik ere egin ohi zituen bide garratz horiek, batzuetan kaxa bat buruan eta beste bat eskuetan, bien artean helduta.
Herriko emakume baserritarrak ere begietan ditu Peñak, horiek nola astoekin jaisten ziren, barazkiak eta esnea zekartzatela. «Gainera», gehitu du, «nik uste dut orduan orain baino hotz gehiago egiten zuela. Egia ere bada orain arropa hobea dugula, baina bereziki gogoan dut orduko hotz hura haiek herrira jaitsi behar zirenean».
Soldatapeko jarduna lanaldi oso baten atal bat besterik ez zen, hura amaituta etxearen nahiz etxekoen zaintza baitzuten itxaroan emakumeek. Esnatzen lehena zen izeba, eta baita lo hartzen azkena ere.
Horrek guztiak, baina, ondorio latzak zituen askotan: «Emakumeren bat gaixotzen zenean gutxi irauten zuen».
Birjaio da
Ezkonduta ere ez zion utzi Peñak lan egiteari, aldundian aritu zen garbitzaile eta ahizparen tabernan geroago. Garai horiei distantziarekin so eginda, urteekin hasi dela bizitzen dio: «Behin semeak ezkonduta, senarrari esan nion: ‘Orain niretzako biziko naiz!’», eta hala egin du.
Gimnasia, dantza, ospakizunak… ez du hitzordurik galtzen. Herriko emakumeen artean etxe berria topatu du, aske izateko elkargune bat, eta haiekin egoteak nahiz bizitzeak zirraratzen duela aitortu du: «Miresteko modukoa da elkartzen garenean sortzen dena».
Miresteko ez ezik, egindako bidea aitortzeko, hain zuzen, izango dira datozen egunak. Izan ere, gizonek lan fisiko eta gogor guztia egiten zutela historia liburuetan besterik ez du ikusi sanjuandarrak: «Nik erraietan daramat herriko emakume langileen oroitzapena». Urte horiek gogora ekartzea ez da gauza erraza, eta askotan ahaztu nahiago izaten duela aitortu du Peñak.
Harremantxoko kide den Ane Etxeberriak hitza hartu dio memoriaren garrantzia nabarmentzeko: «Gogorra izan dena gogoratzea zaila da, baina ez dadila ahaztu!».
Horretarako, hain zuzen, izan zirenen lana omentzeko eta Pasaiako emakumeen historia feminismoaren aldarrien frogantza izan dadin, aitortza egingo diete etzi, igandean, lau barrutietako hainbati. Jasandako sufrimendua ahanzturan geldi ez dadin ahotsa goratuko dute Pasaiako emakumeek.
Pasaiako emakumeen borrokak omenduz
Emakumeen borrokak omentzea izango da Pasaiako Mugimendu Feministak iganderako prestatu duen ekitaldiaren helburua: «Garrantzitsua da borrokak pluralean aipatzea, askotarikoak izan direlako, lanean etxetik kanpo edota etxean zaintza lanetan», gaineratu du Etxeberriak.
San Pedroko frontoian 12:30ean hasiko den ekitaldiak bi ardatz izango ditu: ospakizuna eta aldarrikapena. Bidea irekitzeko urtea izango dela uste du Harremantxoko kideak, izan ere, ohartu dira geroz eta emakume gutxiago gelditzen direla herrian, gutxika hiltzen baitoaz aspaldiko bizipenen testigu izan zirenak.
Memoria hori guztia landu eta lehenbailehen jasotzea funtsezkoa dela iritzi dio: «Transmisio hutsune bat egon da eta hau ez dago inon; ez dakigu gure herriko emakumeek egin duten lan guztia zein den, eta gu, azken batean, borroka horien ondorio gara».
Ekitaldiari buruzko informazio gehiago irakur daiteke hemen klik eginez.