[Galeria] Geroz eta pankarta gehiago agertzen ari dira San Pedron
"Ez gaituzue geldituko" esaldiarekin bizilagunek salatu dute aldarrikapenek ezer-gutxi irauten dutela zintzilik, udalak kendu aurretik.
Azken asteotan zenbait pankarta agertu dira San Pedron, barrutia azken urteetan jasaten ari diren “udalaren utzikeria” salatuz. Besteak beste, Ondartxo pasealekuaren itxiera, kioskoa, zuntz optikoa, kanastak edota lonjako lanak aipatu dituzte.
Sanpedrotarrek nazkatuta daudela egin dute oihu idatzizko aldarrikapenen bitartez, eta nolabaiteko zentsura salatu dute, besteak beste, sare sozialen bidez; izan ere, herriko hainbat puntutan zintzilikatutako pankartek egun bat iraun izan dute, asko jota, udalak bertatik kendu arte.
Joan den astearteko plenoan EH Bilduko Amaia Muguruzak zuzenean galdegin zion San Pedroko alkateorde den Nahikari Otermini zein ote den irizpidea “pankarta horiek bai, eta beste batzuk ez” kentzeko. EAJko zinegotziak erantzun zion udalak ez duela inongo bereizketarik egiten halako aldarrikapenen artean, horien mezuak direnak izanda ere, “guztiak kentzeko erabakia” hartu baitzuten hasiera-hasieratik.