Herritarren beharretara egokitutako herria eraikitzen
COVID-19ak hirigintzan eragina izan badu ere, udalaren proiektuak martxan dira. Pandemia betean zabaldu zituen Txirrita parkea eta Beraungo igogailuak. Ortzimugan, beste lau proiektu estrategiko.

COVID-19aren pandemiak eragina izan du sektore eta arlo guztietan. Udalaren Hirigintza Sailean ere eragin du pandemiak, hala aitortu du Eneko del Amo Hirigintza zinegotziak. Baina baieztatu du martxan jarraitu dutela proiektuek, ez direla eten: «Kontingentzia plana egin genuen burbuilekin, eta zaildu egin da egoera, baina proiektuek aurrera egin dute eta betetzen ari da udala». Horren adibide, pandemia betean inauguratu ziren Txirrita parkea eta Beraungo igogailuak, «biak ala biak oso garrantzitsuak».
Udalerriko kulturaren itsasargi izango den Lekuona eraikineko lanak ere amaituta daude, iaz bukatu zituzten. «Hornitzen ari gara orain, eta udaberrian zabalduko ditu ateak. Makinaria, beraz, ez dugu gelditu eta aurrera goaz obra eta proiektuekin», zehaztu du zinegotziak.
Bestelako proiektuak ere gauzatu ditu udalak. Koldo Mitxelenaren Markolako eraikinean irisgarritasuna hobetzeko lanak egin ditu, eskolarako sarbidea eta barne antolaketa aldatuta. Martxo hasieran amaituta izango dira lan horiek: «Bertako hezkuntza komunitatearentzat onuragarri izatearekin batera, auzoarentzat ere hobekuntza suposatuko dute lanek: ludoteka eta liburutegia auzoarentzat zabalik geldituko dira». Lan horiek egiteko 400.000 euroko inbertsioa egin du udalak.
Agintaldiaren barruan zehaztuta zituzten proiektuetako batzuk, pandemiaren testuinguruan «zentzu handiagoa» hartu dutela nabarmendu du Hirigintza arduradunak: «Hiri osasungarriaz hitz egiten ari gara orain, edo post-pandemia hiriez, eta egin ditugun proiektuetako batzuk hortik harago komunitatea eraikitzen laguntzen dute; ardatz hori lehenetsi dugu orain arte egindako proiektuekin, baita orain datozen guztietan ere, ezinbestekoa iruditzen zaigulako».
Ortzimugan, lau proiektu estrategiko: Sarriegi plaza, Cristobal Gamon ikastetxearen Kaputxinoetako eraikineko estalkia, Koldo Mitxelena ikastetxeko Markola eraikineko estalkia eta Pontikako aparkalekua. Sarriegi plazaren proiektua gauzatzeko 500.000 euroko inbertsioa egingo du udalak aurten, eta 100.000 eurokoa, hornitzeko, 2022an. Plaza birgaitu nahi du eta Isidro Ansorena kaleko garajeetako erabiltzaileekin elkarlanean arituko dira. «Espazio publiko bat berreskuratuko dugu, eta garajeetako bizilagun-erabiltzaileei ere onurak ekarriko dizkio proiektuak», adierazi du Del Amok. Irisgarritasuna hobetu, puntu kritikoak ezabatu, segurtasuna bermatu, berdegune gehiago lortu eta agora espazioa, jokorako kantxa multidiziplinarra jartzea aurreikusi du udalak, Gernika plazan eta Gaztañon daudenen antzekoa.
Cristobal Gamon eta Koldo Mitxelenaren Agustinetako eraikinetako estalkiak ere garrantzitsuak dira udalarentzat: «Pandemia testuinguru honetan ikasleei espazioak eskainiko dizkiegulako, baina herritarrei irekiak izango direlako, halaber». Lehena aurten gauzatuko dute; bigarrena, berriz, aurten proiektatu eta 2022an egingo dute. Estalki bakoitza egiteko 500.000 euro bideratuko ditu udalak. Pontikan, berriz, 180 aparkaleku berri sortuko dituzte, kokapen estrategiko batean del Amoren esanetan: «Erdigunean ibilgailuen trafikoa gutxitzeko balioko du. Proiektua orain kontratatuko dugu, eta obrak aurten hasi nahi ditugu».
Topoaren lurperatzea
Estrategikoa da, aldi berean, topoaren lurperatzea. Aspaldikoa da eskaera hori. «Hiru agintaldi daramagu eta estrategikoa izan da hasieratik, bere exekuzioak zaratak, bibrazioak eta arriskuak gutxitzearekin batera, hiria bitan banatzen duen azpiegitura bat ezabatuko luke. Premiazkoa da». Eusko Jaurlaritzari gaiaz hitz egiteko iaz bilera eskatu ziotela azaldu du zinegotziak, eta aurten egin dutela: «HAPOaren [Hiri Antolamendurako Plan Orokorra] errebisioa egiten ari gara. Garrantzi bizikoa da jakitea zein egoeran aurkitzen den topoaren lurperatze proiektua, txertatzeko». Azterketa informatibo baten zirriborroa baino ez dagoela erantzun zien Eusko Jaurlaritzak, 2012. urtekoa, «ordutik ez da izan bestelako mugimendurik».
Ideia batean sakondu du Del Amok: herritarrekin eta proiektuekin lotuta dauden eragileekin elkarlanean ari dira, hartu-eman etengabean, «hirigintza herria egitea delako, herritarren beharretara egokituta».