Lezoko kaleko hirugarren igogailua, Altamiran
Altzate igerilekuaren ataritik gorantz joateko azpiegitura da egingo dutena. Lanak egiteko Jaurlaritzaren diru laguntza jasoko du udalak.
Aurten hasiko dira Lezoko kaleko hirugarren igogailua egiteko lanak. Altamiran egingo dute irisgarritasun azpiegitura, PSE-EEko udal eledun nahiz gobernu taldeko kide Jose Angel Sanchezek jakinarazi duenez. Igogailu hori iaz Bekoerrota-Altamira artean egin zutenaren jarraipena izango da.
Igogailua, Altzate igerilekuko ataritik gora joango litzateke, +29 kota edo altueratik, +50eraino. Igogailua oinezkoentzako pasabide batekin osatuko dute. PSE-EEko kidearentzat hirigintza lan hori oso garrantzitsua da Altamira auzoarentzat, igogailuak bidea bukatuko duen tokitik erraz joan ahal izango delako auzoko etxebizitzetara, nahiz Lezo Institutura eta adingabeen zentrora: “Gure intentzioa da Altamiraren egoera iraultzea. Igogailuaz gain, hiri mantenuko lanak, espaloien berritzeak, eta saneamendu nahiz argiztapen hobetze lanak egingo dira. Auzoarentzat bakarrik ez, herriarentzat ere onak dira lan horiek”.
Igogailuari dagozkion lanen hasierako aurrekontua 592.941 eurokoa da. Hala, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolaketa, Etxebizitza eta Garraio Sailak 300.000 euroko diru laguntza emango du hori egikari dadin.