Lezoko historian sakontzeko ‘aziyua’ egin dute
Mikel Susperregik eta Lander Zurutuzak ‘Lope de Isasti eta goiko elizako aziyua’ ipuina egin eta aurkeztu dute. Lezoarraren joan-etorriak ezagutarazteko lana da, bertako euskararen trazekin.
Mikel Susperregi eta Lander Zurutuza. Herri guztietan badira kaleen edo plazen izenak, izen eta abizen propioekin, inork edo gutxik dakitenak nondik datozen, nor diren, zer egin zuten izen eta abizen horien atzean dauden pertsonek. Horietako bat izan daiteke Lope de Isasti (Lezo, 1565-1626). Lezon plaza du, Errenteria-Oreretan kalea.
Apaiz, teologian doktore, kronika egilea, «eta Lezokoa», zehaztu du Mikel Susperregik. Xehetasun gehiago eman ditu Lander Zurutuzak: «Lezo asko maite zuen pertsona bat zen, hori beti nabarmentzen du bere idatzietan. Lezotaz ari denean, ‘nire sorterria’ aipatzen du. Garrantzi handia dauka historialari bezala, Compendio historial de La Provincia de Guipuzcoa liburu puska idatzi zuelako, 1850era arte argitaratu gabe izan zena: Gipuzkoako historiako hainbat gai oso ondo lantzen ditu bertan, besteak beste, baleen arrantzari buruzko kontuak». Lope de Isastik 1925-26 urteen artean idatzi zuen liburu hori.
Euskararen apologista ere izan zen Lope de Isasti, ez hitzezkoa soilik: besteak beste, 80 atsotitzetik gora bildu zituen, euskara arkaikoan. «Badu bere lekua euskal literaturan», zehaztu du Zurutuzak. Eta elizgizon izanda, haren eginkizun erlijiosoak Lezon bakarrik ez, Espainiako Estatuko eta Euskal Herriko hiri eta herri askotan egikaritu zituen ardura horiek. Onofre anaiaren ordezko izan zen, aldi berean, Lezon garai batean izan ziren Errege ontzioletan materialen eta diru kontuen arduradun izanik.
Susperregik eta Zurutuzak ez dituzte arinkeriaz eman iritzi eta datu horiek, badakite zertaz ari diren hizketan. Izan ere, Lope de Isasti eta goiko elizako aziyua ipuinaren egileak dira; lehena testuez arduratu da, bigarrenak ilustrazioak sortu ditu, eta Joxe Luix Agirretxek ikuskatu ditu testuak. Joan den astean aurkeztu zuten argitalpena Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.
Lezokuak bildumaren hirugarren emaitza da hori, Lezoko Udalarekin elkarlanean ontzen ari direna. Aurrekariak, honakoak: Juanes de Salaberriaren hilketa (2019) eta Maria Labaienen apustua (2020). Laugarrena buruan dute bi sortzaileek. Pista askorik ez dute eman, bakarra: emakumea izango dela laugarren hankaren protagonista. 2022ko otsailaren zain gelditu behar. «Luxua da Landerrekin lan egitea», aitortu du Susperregik.
Bitxia
Susperregik bereziki maite du Lope de Isastiren izaera: «Kronista bat zen, ekintzailea gainera. Joaten zen toki guztietan zer jaso erne ibiltzen zen. Oso ondo idazten zuen. Esango nuke, gaur egun sare sozialetan oso ondo ibiliko zen pertsona izango zela Lope de Isasti».
Idatzizko dokumentazio asko izan dute, baina ilustrazioak egiteko Zurutuzak zertan oinarritu den argitu du: «Saiatzen naiz imajinatzen garai hartako Lezo nolakoa izan zitekeen. Guk, umetan, eliza eta inguru horiek ezagutu, usaindu ditugu. Zine parrokiala, dotrinak, mezetara bidaltzen gintuzten, elizako hilarriak… Umetan bizitu dugun gune bat izan da elizaren ingurukoa».
Testuetan egungo eta garai bateko kontakizunak eta elkarrizketak uztartu dituzte. Euskara batua eta Lezokoa tartekatu dituzte horretarako; lezoarrera elkarrizketetan erabili dute:
–Lope? Zu emen! Bañan… Ze demontre da au?
–Justiziya itten ai gea —erantzun zuen Lopek
–Justiziya? Illobi bat profanatzen, gabez?
Aurreko elkarrizketa ipuinaren pasarteetako batena da, tramaren hasieraren berri ematen duena.
Lezoko historiaren eta euskararen zabalkunderako tresna dira Lezokuak bildumako argitalpenak, haurrek eta gazteek era erraz eta erakargarrian jaso ditzaten horiek, jakin-mina piztuz. Eta zentzu horretan, Errenteria-Oreretako, Pasaiako, Oiartzungo, Irungo eta Zizurkilgo hainbat ikastetxetako DBHko ikasleen artean banatuko dute argitalpena. Ipuina irakurritakoan, Mikel Susperregi bera joango da lanaren gaineko saio dinamikoak ikasleekin batera egitera.
- Liburua eskuratzeko:
Lezoko Kultura Aretoan. - Donostiako Hontza liburu dendan.
- 646 32 94 41 telefono zenbakira deituz (Mikel Susperregi).
