Torturaren lauza zamatsuan zirrikitua eginez
Ozzinemak antolatuta, 'Non dago Mikel?' filmari buruzko zineforuma egin dute. Zuzendariez gain, Mikel Zabalza eta Ion Arretxeren senideak gonbidatu dituzte.
Non dago Mikel? filma 2021 urtean Espainiako Estatuan egindako filmen artean sarrera gehien saldu dituen lana da. Niessengo karteldegian jarraitzen duen arren, atzo saio berezia antolatu zuen Ozzinema zineklubak. Sarrera guztiak saldu ziren.
Dokumentalak Zabalza auzia deitutakoaren ingurukoak biltzen ditu: atxilotutakoek Guardia Zibilaren eskutik jasandako torturak, Zabalzaren desagerpena eta hogei egunera Bidasoa ibaian gorpua agertzea.
80 minutuko dokumentalaren ondoren, filmaren zuzendariek —Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas Pitu-k— zein Mikel Zabalzaren arreba Begoñak eta Ion Arretxeren anai Mikelek hartu zuten hitza, ikusleekin solasean aritzeko.
Horretan hasi baino lehen, Ion Arretxeren omenezko txalo zaparrada eskatu zuten, baita publikoak ederki erantzun ere. Arretxe Zabalzarekin batera atxilotu zuten 1985eko azaroaren 26an, Galtzaraborda auzoan, eta tortura gogorrak jasan zituela adierazi zituen Intxaurrondo, la sombra del nogal liburua. 2017an hil zen Arretxe, baina filmari jarraikortasuna ematen dion harietako bat da Pako Etxeberria auzi-medikuari eman zion testigantza.
Arretxeren hotsa
Llamasek atzo azaldu zuenez, Arretxek 2015ean liburua aurkeztu zuenean konturatu zuen Galtzarabordakoaren lekukotasuna sartu behar zutela.
Gainera, Llamasek esan zuen “oso polita” izan zela, 30 urteren ondoren, Lourdes Zabalza eta Idoia Aierbe—Mikelen arreba eta bikotekidea— eta Arretxe bera elkartzea.
Gogorarazi zuenez, liburu hark torturaren existentziaren berri eman zuen Euskal Herritik kanpo. Zuzendariarentzako “ohorea” izan zen Arretxe ezagutu ahal izatea, eta dokumentalean tokia ematea.
Begoña Zabalzak ere izan zituen Arretxerentzako hitzak. “Torturatu guztien ahotsa” bezala definitu zuen errenteriarra. “Eskertu egin behar diogu, dagoen tokian dagoela. Oso ongi deskribatzen du tortura, eta ezagutarazi egin du”.
Beste kontakizun bat sortu nahian
Merino filmean zentratu zen gehiago. Dokumentala izaten ari den arrakastarekin pozik dagoela esan zuen, eta estreinatu zenetik —pasa den ostiralean— “gauza asko” pasatu direla ziurtatu zuen.
“Zirrikitutxo bat aurkitu dugu bai filmarekin baita liburuarekin ere, Euskal Herrian gertatu zena kontatzeko. Madrilen nolabaiteko elkartasuna jaso dugu, gainera”, azaldu zuen filmaren zuzendarietako batek.
Bide beretik jo zuen Llamasek: “Saiakera handia egiten ari da gertatu denaren kontakizuna kolore bakarrekoa izan ez dadin, eta filma urrats txikia da norabide horretan”.
Azken bi asteetan agertu diren Mikel Zabalza eta Lasa eta Zabalaren hilketei buruzko audioak ere izan zituen hizpide. “Urrats handi bat dira niretzako. Ez dakit noraino iritsiko diren soka eta ondorioak —eta ziurrenik ez gaituzte asebeteko—, baina garrantzitsua da”.
Espainiako Estatuan Euskal Herriko gatazkari buruzko “beste kontakizun” bat jakiteko egarria dagoela ziurtatu zuen Llamasek, batez ere “estatuaren oinarriak zalantzan jartzen” ari diren garai honetan.
Bestalde, Zabalzaren ustez, “ongi egindako” dokumentala egia transmititzeko baliagarria izango da, baita torturaren kontra egiteko ere.
Torturaren motxila
Jarraian, ikusleen galderen txanda izan zen. Horietako batek galdetu zien ea bazegoen aukerarik Jose Barrionuevo garaiko Barne ministroa zein beste arduradunak epaitegiko aulkian ikusteko. Batera erantzun zioten: “Ez”.
Zabalzak esan zuen ez zuela askorik espero, baina berak espero dituen gauza bakarrak direla gertatu zenaren egia eta aitortza direla.
Mikel Arretxerentzat, Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko presidenteordea estreinaldira joan izana urratsa da. “Barrionuevok esaten zuen ‘Nirekin zaude ala nire kontra’. Orain gauzak ezberdinak dira, eta hirugarren bide bat ireki daiteke, eta jarrai daiteke torturaren argiketan”.
Ikusle batek galdetu zien ea nola ken daitekeen torturaren “motxila injustua”. Arretxek berak erantzun zuen, bere anaiak pairatu zuen zama horretan fokua jarriz: “Ionek zeraman motxila zen egin zioten erokeria hura. Uste dut beti eraman zuela motxila hura, baina bere alaitasunarekin, izateko erarekin eta gauzak iraultzeko zuen moduarekin, lasaitasuna adierazten zuen”.
Gaineratu zuenez, Arretxe-Gutierrez familiaren etxean Ionen torturak izendatzeko erabiltzen zuten esamoldea “Gertatu zitzaizun hura” izaten zen.
Zentsurarik ez
Beste ikusle batek galdera “teknikoa” egin zien zuzendariei, 1980ko hamarkadako grabazioak nondik lortutakoak ziren galdetuz. Merinok erantzun zion: “%95 ETBrenak ziren, eta beste %5, TV3enak. Garai hartan telebista katea oso berria zen, eta gaia oso serio hartu zuten langileek”.
Llamasi harritu zion ETBk nola gorde duen materiala, baita editatu gabekoa ere. “Asko lagundu gaitu horrek, pribilegiodunak sentitu gara material oso ona aurkitu baitugu”. Zentsurarik ez dutela jasan argi utzi zuen, nahiz eta Guardia Zibilak Llamas bera atxilotzerakoan materiala zuten kopiak eraman zituen.
Ongi gordeta zegoen bigarren kopia hori osatzerakoan zailtasun handiena beste bat izan zen zuzendariarentzat: “Arazo handiena izan zen erabakitzea hain istorio luzea nola kontatu modu sinple eta ulerterraz batean”.
Solasaldiaren ondoren, Parole Parole Herri Ekimenak —Arretxeren lana dibulgatzeaz arduratzen dena— krabelin gorria bana eman zieten lau gonbidatuei. Horrez gain, Arretxeren heriotzaren ondoren El Juevesek atera zituen binetak oparitu zizkieten. Errenteriarrak astero marrazten zuen asteazkenetan ateratzen den aldizkarirako.