"Feminismoa kalera atera eta hor dagoela gogorarazi nahi dugu"
Mugimendu feministak arrakala sortu nahi du sisteman. Argi dute saretzean eta elkar zaintzan daudela horretarako gakoak, beste hainbat alorrez gain.
Aurtengo Martxoak 8 berezia izango da, COVID-19arengatik. Ekitaldiak ezohikoak izango dira, baina Oiartzungo Feministen Asanbladak argi du zer nahi duten. Uxue Barrenetxea Bruñok eta Odei Mujika Diezek eman diote errepasoa.
Sistema arrakalatzearen inguruan ardaztuko duzue Martxoaren 8a. Non pitzatu nahi duzue?
Uxue Barrenetxea Bruño: Sistema patriarkalaren eta kapitalistaren aldetik. Pandemiak azaleratu egin ditu zeuden hutsune asko, eta horietan nagusietako bat zaintza da.
COVID-19ak are gehiago prekarizatu du egoera: emakumeak dira zaintza espazio horietan gehien ibiltzen direnak, eta askotan modu klandestino batean lanean dabiltzan migratzaileeak. Beraiek dira egoeraren ondorioak modu zuzenean jasan dituztenak.
Alde txar horretaz gain, txanponaren beste aldea ere atera al du? Saretze eta loturak indartu al ditu?
U.B.B.: Pandemiaren lehen ondorioa bai izan zen saretzeko joera. Etxealdian bilatu zen saretze bat, zaintza modu kolektiboan egiteko. Izugarrizko lana egin zen Oiartzunen sareak osatzeko. Batzuek ez zuten guztiz funtzionatu, rola askotan udalak hartu zuelako bere gain.
Bi aro bereizten ditut: itxialdiko saretze hura eta oraingo hau. Bigarren fase hau galdera ikur askorekin ikusten dut. Gauza positibo asko daude, baina pandemia dago gauza guztien aurretik, eta beste borroka asko atzean geratzen ari dira, tapatzen ari dira. Pandemia bada lehentasuna eman behar zaion gai bat, baina mahai gainean jarri behar diren borrokak badaude.
Odei Mujika Diez: Bazeuden beste krisi batzuk, eta horiek azaleratu ditu pandemiak. Ikusi dena da zaintza sareak behar direla. Nahiz eta instituzioek neurriak hartu beharko lituzketen, ikusi dena da gobernuetatik lehenetsi den gauza bakarra kapitala izan dela, baita interes ekonomikoak ere, ez beste ezer.
Zaintza sareek modu egonkor batean funtzionatzen ez duten arren, denon buruan klik bat egin da, gure herriek zer behar duten komunitate bezala funtzionatu, eta zaintza kolektibizatu eta denon artean elkarri lagunduz, aurrera atera.
U.B.B.: Agian herrian ez zuen sare horrek egoki funtzionatu, baina eskualdean funtzionatu zuen erresistentzia kutxa batek, etxeko langileei laguntzeko.
O.M.D.: Beste proiektu batzuk ere aurrera atera dira; adierazten du aukerak sortu direla, baita eremuak ere. Erronka izango da horri eustea, forma ematea eta jendeari espazioak eskaintzea.
Herrirako zein eskaera konkretu egiten dituzue? Nola irudikatuko litzateke?
U.B.B.: Adibide bat jartzeagatik, digitalizazioaren beharra ikusten dugu. Pertsona migratzaile direnek zein pertsona zaharrek teknologiarekin eduki ditzaketen arazoak edo jakintza gutxi daude hor.
Konfinatuta egon behar baldin badute, familia hurbil sentitu ahal izatea bada zaintza egiteko beste modu bat. Digitalizazioaren ezagutza demokratizatu beharko litzateke, erreminta bera denen eskuetan jartzea baino.
Aipatu duzue lehentasuna kapitalari mesede egitea dela, baina egun hauetan badirudi beste ‘lehentasun’ bat ere badagoela: Martxoaren 8ko mobilizazioen inguruan zurrumurrua sortzea eta kriminalizatzea.
O.M.D.: Ez da kasualitatea zurrumurru edo kriminalizazio hori Martxoaren 8aren inguruan sortzea. Interes batzuk badaude hor: gure artean saretzeak, elkarlanean aritzeak eta komunitatean lan egiteak sistemari arrakalak irekitzen dizkio. Hori da interesatzen ez zaiena.
U.B.B.: Pertsonalki, pozten nau jendeak horrela erreakzionatzea, mugimendu feminista gauzak ongi egiten ari den seinale, eta indartsua den seinale. Alde batetik, gu egiten ari garen guzti horren zapalkuntza bat da —beste bat gehiago—, baina bestetik ematen du poztasuna.
Zein jarduera prestatu dituzue astelehenerako?
U.B.B.: Martxoaren 8 honekin aprobetxatu nahi genuen osasun krisiarekin hain atzean gelditu den feminismoa berriro ere kalera atera eta hor dagoela gogorarazteko. Deialdia egiten dugu etxeko balkoiak morez apaintzeko. Bandera batzuk sortuko ditugu, eta gaurtik igandera bitartean plazan salduko ditugu. Kastro tabernan ere eros daiteke, plazan postua ez dagoenean.
O.M.D.: Astelehenerako, egitura deszentralizatuko egitarau bat egin dugu, gaur egungo mugak errespetatzeko baina, aldi berean, zaintza kolektiboa bermatzeko. Horrez gain, ahalik eta pertsona gehienei eman nahi diegu aukera jarduera batera edo bestera joateko.
Feminismoarekin lotura duten bost ekintza antolatu ditugu, eremu ezberdinetan, emakumeek egingo dituztenak.
Gainera, aurten ez dago greba deialdirik, eta ikusgarritasuna eman nahi diogu aldarrikapenari, objektu edo jantzi moreak kalera ateratzen.
Egungo egoera zaila den arren, zein lan ildo edo proposamen dituzu Martxoak 8aren ondorenerako?
O.M.D.: Pasa den urtetik daramagu zaintzaren gaia lantzen, bai kanpora begirako zaintza zein barrura begirakoa: elkarren artean zaindu, formatu… Horrez gain, proiektuak sortzen ari gara, aipatutako digitalizazioarena, adibidez.
Gainera, azken urteetan, dekolonializatzearen gaia oso presente egon da mugimendu feministan. Abenduan Oreretan egin zen Emakume Abertzaleen Topaketan ere gai nagusia izan zen. Pixkanaka landu nahi dugun gaia da. Topaketa horien aurretik egin genituen tailerrak, gure artean, nola ikusten genuen ikusteko, eta herrian zer egin dezakegun pentsatzeko.