"Kontzientziatua nago lehiatu gabe egote horretara"
Iraileko eta urriko parentesi bat kenduta, altzibartutako goizuetarrak ia urtebete darama mendi lasterketarik egin gabe. Bolada bikainean zegoenean eten ziren karrerak.
Hodei Lujanbio (Goizueta, 1984) 30 urterekin hasi zen mendi lasterketetan. Iaz zortzi lasterketatan aritu zen, eta horietako seitan bukatu zuen podiumean. Onenean zegoenean eten zen denboraldia.
Bueltatzeko gogotsu al zaude?
Iaz, dena gelditu zenean, gogo gehiago neukan, orduantxe nintzen puntu onean. Urteko planifikazioa, gainera, eginda neukan. Iaz aritu nintzen zortzietatik zazpitan podiumean izan ziren [bi garaipen, tartean]. Horietatik sei, dena moztu aurretik.
Dena moztea amorrua izan zen, eta gehiago kosta zitzaidan onartzea. Aurten lasaixeago nago. Urtebete daramagu lasterketarik gabe, eta ez da ikusten aukera askorik, kontzientziatua nago lehiatu gabe egote horretara. Udara alderako ea zerbait hasten den.
Ohiko entrenamenduak egiten jarraitzen al duzu?
Ez. Lasterketa bat hilabetera edo bitara duzunean, entrenamenduetan gorputza errazago estutzen da, kontzientziatuago eta motibatuago baitzaude estutu ahal izateko. Orain ez dudanez ezer loturik epe motz edo ertain batean, entrenamenduak motz eta lasaiagoak dira. Orain mendira gozatzera ateratzen naiz. Geldirik ez naiz egoten, hori bai.
Aurten 37 urte bete dituzu. Noiz hasi zinen mendi lasterketetan?
Kirola betidanik egin dut. Mendian korrika 2014an hasi nintzen. Goizuetan Goizutrail antolatu zen lehenengo aldiz, eta herriko lasterketa zenez, horrerako prestatzen hasi nintzen, pare bat hilabete lehenago. Ordura arte, mendi lasterketak bazeudenik ere ez nekien. Goizuetan egin genuen, eta hurrengo urterako berriro entrenatu nintzen. Intxixu Trail ere egin nuen, baita beste pare bat ere. Gustua hartuta nabil.
Espero zenuen horrela ibiltzea? Hauspoa landu egiten da?
Hasiera hartan, ez. Goizuetako hartan bakarrik ibiltzea espero nuen. Entrenatzen jarraitu, eta emaitzak iristen direla ikusteak ere motibatzen zaitu. Kirolean beti izan dut nahiko fondoa, baina hori landu egiten da. Konpetizioan ere, horren araberako emaitzak etortzen dira. Bada jendea esaten duena ez dela entrenatu, edo gutxi entrenatu dena… Ez dut sinesten entrenatu gabe maila batean ibiltzea.
Egungo egoera ez da onena, baina zure buruari anbizioren bat jarri al diozu?
Helburua, edo gustura egingo nukeen zerbait da —ahal bada lehenbailehen— Zegama-Aizkorrin korri egitea. Mundu mailako lasterketa garrantzitsuenetakoa da. Maratoiaren distantzia dauka, eta desnibela ere nahikoa badauka. Gogortasuna baino, dortsala lortzea bera da zailena: 500 dortsal daude, erdiak zozketa bidez banatzen dira, eta beste erdia antolakuntzaren konpromisoetarako da. Zozketarako iaz 12.000 pertsonek eman zuten izena… Zaila da.
Intxixu Trail taldearekin zaude federatua. Lasterketa ere antolatzen al duzu?
Lasterketa egunaren bueltan laguntzen aritzen naiz, baina urte osoan zehar aritzen naiz Goizuetakoan antolakuntzan. Beste batzuk dira Intxixu Trail antolatzen hilabeteak pasatzen dituztenak. Antolatzeko alde hori ere gustatzen zitzaidan gauza bat da. Ez lasterka aritzea bezain beste, baina botatzen da faltan lagun giro hori.
Bidegorrian gaude. Zer da, zure lehenengo ala bigarren etxea?
Mendira joatea gehiago gustatzen zait, baina astean zehar ia ezinezkoa da. Neguan, bereziki, mendira joateko nahi baino aukera gutxiago egoten dira. Astean zehar, ezinezkoa, lanetik ateratzerako ilun dago. Bidegorrian egun asko pasatzen ditut, pixka bat ateri badago. Bestela, etxean edo garajean egiten ditut ariketak. Ez naiz geldirik egotekoa.