Ur kontagailuekin lotutako iruzur saiakera hauteman dute
Uraren kalitate txarra aitzakiatzat hartuta, milaka euroko kostua izan dezaketen ekipoak saltzen saiatzen ari dira hainbat enpresen edo udalaren izenean.
Pasaiako Udalak iragarri du iruzur saiakera bat hauteman dutela, ur-iragazki edo -ekipoak eta ur- kontagailuak etxez etxe saltzeari lotutakoa. Iruzurgileek enpresa hornitzailearen edo Pasaiako Udalaren beraren izena erabili dute.
Erabilitako prozedura izan da telefono bidezko hitzordu bat hitzartzea edo zuzenean etxean aurkeztea, uraren kalitatea aztertzeko aitzakiarekin.
Gezurrezko proba batzuk egin ondoren, ustezko teknikariak saiatzen dira erabiltzailea konbentzitzen iturriko ura kontsumitzeko arriskuaz, eta, beraz, arazketa-ekipoak edo kontagailuak instalatzeko beharraz; horien kostua milaka eurokoa izan daiteke.
Pasaiako Udalak eta Añarbeko Urak erakundeak jakinarazi dute ez dutela inolako harremanik bisita horiekin, eta iturriko uraren kalitatea eta osasungarritasuna guztiz bermatuta daudela. Herritarrei eskatu diete jasotako deien berri emateko Udaltzaingoari.