[Galeria eta bideoa] Ahotsa goratu dute: "Indartsuak gara!"
Elkartasun bulkada barrutiz barruti hedatu dute, pandemiak areagotutako zaurgarritasuna agerian utzi eta ezkutupeko lana aintzatesteko.
Atzo, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Egunaren baitan, hainbat ekintza antolatu zituen Pasaiako Mugimendu Feministak barruti bakoitzean. Lauetan, nahiz eta hitz ezberdinez, berdin aldarrikatu zuten funtsezkoa dela pandemiaren testuinguruan ezkutupean eta baldintza duinezetan emakumeek egiten dituzten lanak aintzatestea.
Donibanen, musikadun kotxeak atera ziren Bixi-Bixitik 19:00ean herria zeharkatuz, aldarri eta abesti feministekin nahiz ibilgailuen klaxon-hots ozenekin patriarkatuaren ahotsa isilarazi eta emakumeena goratuz.
Antxon ordu berdinean emakumeen ikurra irudikatu zuten Gure Zumardian giza-mosaiko bidez. Harremantxo eta Bekoz Beko taldeetako kideek hitza hartu zuten azken egunean inguruko hainbat herritan emakumeen aurka agertu diren hainbat pintaketa gaitzetsiz: “Feminismoak beldurtzen ditu, eta horregatik hemen gaude eta hemen jarraituko dugu”.
Trintxerpen jaso zuten hirugarren testigua 19:30ean Gernika plazan, pandemiak agerian utzi dituen sistemaren gabeziak gogora ekarriz, eta emakumeek egiten dituzten lan ikusezinak aintzatetsiz: “Aurten inoiz baino garrantzizkoagoak dira aldarrikapenak. Zaintza eta bizitza duina jarri behar ditugu erdigunean”.
Sanpedrotarrek bide moreari ekin zioten 19:3oean herriko frontoitik. Adin guztietako bizilagunek herria zeharkatu zuten zapi eta bandera moreekin, “Indartsuak gara. Aski da!” zioen pankartaren atzetik.
Barruti bakoitzak bere berezitasun eta nortasun berezkoa izan bazuen ere, pasaitar guztiek egin zuten oihu aldi berean egunari amaiera emateko: “Gora borroka feminista!”.