Lan istripuen kontrako aldarri isila egin dute
Pasa den ostiralean 52 urteko oiartzuar bat hil zen Azpeitian, lan istripuan. Ezker abertzaleak deituta, elkarretaratzea egin dute plazan.
Pasa den ostiralean 52 urteko oiartzuar bat hil zen lan istripuan, Azpeitian. Mendiaraiz enpresan deskarga lanak egiten ari zenean gertatu zen ezbeharra. Bidean Garraioak enpresako langilea zen.
Oiartzungo ezker abertzaleak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur arratsean, Done Eztebe plazan. Hamarnaka lagunek isilik gogorarazi dute hildako langilea, eta bukaerako txaloek apurtu dute isiltasuna.
2021ean Euskal Herrian lanean ari zela hil den hamargarren behargina da.