Bi antzezlan labur, igande arratsaldearekin gozatzeko
Cia Goitiberak sortutako 'Amatxik dixit' antzezlana jokatuko dute igandean, eta Goiatz Labandibarren 'Salaketa'-ren irakurketa dramatizatua.
Oiartzungo Antzerkizaleen Elkarteak antolatzen duen martxoko ekitaldia datorren igandean —hilak 14— izango da. Bi antzezlan labur programatu dituzte, bi saiotan: 17:00etan eta 19:00etan.
Cia Goitiberaren Amatxik dixit antzezlanak guda garaiko istorio bat jorratzen du. Honela dio premisak: “Marcelina zuen izena, 24 urte zituen eta Linareseko jauntxo batzuen etxean lan egiten zuen neskame…“. Kriseilu eta publikoaren saria jaso zuen Pabellon 6 antzerki arinaren lehiaketan.
Taularatuko duten beste obra ere saritu zuten. Cafe Bilbao Teatro Labur Saria lortu zuen iazko urtarrilean Goiatz Labandibarrek Salaketa lanarekin. Antzezlanari izena ematen dion izapide administratibotik abiarazten da antzezlana, eta sortzen den egoera absurdoa kontatzen du.
Sarrerak Garmendi txokolategian eros daitezke, bost euroren truke.