Oiartzun herri hezitzaile izateko oinarriak finkatu dituzte
Oiartzungo Udalak Oinherrirekin hitzarmena sinatu du. Udalerri hezitzaileen sarean sartuta, herriko eragileek formazioa jasoko dute, Oinherriren baloreduna.
Oiartzungo Udalak eta Oinherri hezkuntza proiektuak hitzarmena sinatu dute, Oiartzun udalerri hezitzaileen sarean sartzeko. Herriko eragileek formazio saioetan parte hartu ahal izango dute.
Oinherrik aisialdi hezitzailea sustatzeko asmoa du, jolasaren eta sormenaren bitartez. Pasa den udazkenean, Oiartzungo Udalarekin harremanetan jarri ziren, herri hezitzaileen sarearekin bat egin zezaten.
«Oinherrik ikusi zuen Oiartzunen gauza dezente egiten zirela bere filosofiarekin lotuta», azaldu du Haizea Saez de Egilaz zinegotziak. Urtebeterako hitzarmena sinatu dute, eta Oinherrik bere baliabideak jarriko ditu herriko eragileek formazioa jaso dezaten.
Oinherrik zazpi printzipio ditu: haurrak gizarteko kide aktibo izatea; parte hartzeko aukera izatea; aisia hezitzailea; euskara; anitza eta parekidea; ingurumen naturala eta kulturala zaintzen dituena; eta komunitatea eta auzolana.
Beraientzat hezkuntza ez da ikastetxeen eta gurasoen gain bakarrik geratzen: herriko elkarte, kirol talde eta abarrak ere horren parte dira. «Helburua da Oinherriren filosofia gurean txertatzea. Egia da guk gauza asko ditugula aurreratuta, formalki Oinherri egon gabe. Euskaratik, feminismotik… aritzen gara, baina orain kontzienteago egitea izango litzateke», azaldu du zinegotziak.
Alor gehiagotara zabaldu nahi dute filosofia hori. Adibide bat jarri du: hirigintzako obra batzuk egiterakoan, haurrak ere kontuan hartzea.
Herrian talde eragile bat sortzeko prozesuan buru-belarri sartuta daude, eta hiru zutabe izango ditu: ikastetxeak, erakunde publikoak eta herritarrak. Orain proiektua zabaltzeko lanean ari direla azaldu du, ahalik eta eragile gehiagorengana iristeko: «Talde asko daude herrian, eta beti egongo dira prest aurrera egiteko. Beste batzuek ikusiko dute ez dutela loturarik hezitzaileekin, eta hor jarri nahiko genuke indarra».