Gurasoentzako hezkidetza tailerra antolatu dute
Sexu estereotipoak gainditzeko formazio saioak egingo dituzte. Apirilean, maiatzean eta ekainean saio bana egingo dute.
Oiartzungo Udalak gurasoentzako hezkidetza tailerra antolatu du datozen hilabeteetarako. Hezkidetzaren helburua da haurrak inolako estereotipo sexistarik gabe heztea.
Tailer hori edozein adinetako haurren gurasoei zuzenduta dago. Hiruna orduko hiru saiok osatuko dute formazio tailerra; hilean behin izango da, apiriletik ekainera bitartean.
Hiru ostiraletan izango da: apirilaren 16an, maiatzaren 7an eta ekainaren 18an. Ordutegiari dagokionez, saio guztiak 17:00etatik 20:00etara izango dira, udaletxeko pleno aretoan. Eider Goenaga izango da formazio saioak gidatuko dituena.
Parte-hartzaileen kopurua mugatua izango denez (hamabost guraso), aldez aurretik eman beharko da izena. Apirilaren 13a arte izango da izena emateko aukera. Izena emateko bi aukera izango dira: aurrez aurre, udaletxeko harreran. Bestela, on-line ere egin daiteke. Tokiak mugatuak direnez, izena emateko hurrenkera errespetatuko dute.