Hildakoak oroitzeko intxaurrondoa larunbatean landatuko dute
Ibargain parkean landatuko dute intxaurrondoa. Zuhaitza han sartzearekin batera, musika emanaldia, ipuinak eta beste egingo dituzte.
Pasa den urtarrilean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek intxaurrondo ernamuin bat utzi zuten Abaraxka ludotekaren eskuetan. Intxaurrondo, intxaurrondo ez zara bakarrik egongo bertso-sorta ere sortu zuten.
Helburua da joan direnak oroitzeko sinbolo bat edukitzea. Ludotekakoek parte hartze prozesu bat landu dute Abaraxkako komunitatearekin, eta iritsi da zuhaixka landatzeko eguna. Datorren larunbatean —hilak 27— landatuko dute Ibargain parkean, komunitateko partaideen artean propio erabakita.
Datorren larunbatekoa ez da lorezaintza ariketa soila izango. Horrez gain, musika emanaldia eta ipuin kontaketa ere egongo da, modu alai batean. Izan ere, pertsona bat hiltzean, garrantzitsuena da berarekin bizitako momentu onak gogoraraztea, eta emandakoaren fruituak jasotzea. Intxaurrak balira bezala.