Arraun asteburua: XII. San Pedroko test estropada eta batelak

San Pedroko test estropada egingo dute bihar arratsaldean eta igandean Gipuzkoako Batel Ligako jardunaldia. Zaleei ez bertaratzeko eskatu diete.

Larunbatean onena emango dute Libiako mutilek. Argazkia: iñaki Suarez.

Asteburuan Pasaiako urek ez dute atsedenik izango; bihar, San Pedroko XII. test estropada egingo dute eta igandean Gipuzkoako Batel Ligako jardunaldia, Hernanik antolatua.

Biharko traineruen saioa 17:00etan hasiko da, erlojuz kontrako modalitatean. Irteerak minutuero egingo dituzte, neskek bi luze eta ziaboga bat eginez, eta mutilek lau luze eta hiru ziaboga. Sanpedrotarra Arraun Elkarteak antolatu du.

Estropada hiru multzotan banatu dute: lehen txandan emakumeak (ETE eta Euskotren ligetakoak) eta KAE2koak lehiatuko dira, bertan izango dira San Juango emakumeak eta Illunbeko gizonak, Hibaikako bi traineruekin batera. Hondarribiko emakumeen ontzia ere txanda horretan dago.

Lehen hori amaituta, Lapurdik irekiko du KAE1ekoen saioa; San Juan bosgarren aterako da multzo horretan, eta San Pedroko Libia izango da txanda horretan ateratzen azkena. Azken arnas hartzearen ondoren, Euskolabel Ligakoen txanda, Hondarribia bertan dela.

Batelek igandean dute hitzordua, modalitate berean eta 4-5 kaletara, goizeko 10:30ean hasita. Haurrek 1.000 metro egingo dituzte arraunean, Kadeteek 1.500, eta Gazte nahiz Seniorrek 2.000 metro. Irteerak aipatutako ordenean egingo dituzte, hurrenez hurren.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.