Bengo: «Hip-hopa euskaldundu behar da, baina era naturalean»
Euskal Herriko txoko guztietara iritsi da oiartzuarraren ‘4 taupadak’ diskoa. Pandemiak eragindako nostalgiatik sortutako lau kanta kaleratu ditu, itsaskorrak. Milaka eta milaka bisita jaso dituzte.
Azken hilabeteotan euskal musikaren panoraman sartzea lortu duzu, nola gainera. Denbora aurrerapen kantuak Spotify-en ia 165.000 bisita, eta Youtuben 140.000 erreprodukzio inguru ditu. Arrakasta hori espero zenuen diskoa kaleratzean?
Egia esan ez, sorpresa ikaragarria izan da, erantzuna sekulakoa izan da. Musikaren munduan duela sei urte inguru hasi nintzen, lagun artean egiten genuen. Ez genekien abestiak ongi editatzen, eta soinua ez zen oso ona, hobby moduan hartzen genuen. Ordutik jolasten ibili gara, probatzen. Orduan, iaz Bartzelonan nintzela salto bat emateko hautua egin nuen. Denbora izan da bideoklip zaindu batekin kaleratu dudan lehen abestia. Honekin emandako saltoa ikaragarria izan da.
Lau taupada ditu diskoak. Kontaiguzu nondik datorren ideia, nondik sortu diren horiek.
Abesti bakoitza ezberdina da genero eta soinu aldetik, baina uste dut denek dutela nostalgia puntu hori. Horregatik izen hori, bihotz beretik ateratako lau kanta dira, ezberdinak, baina bihotz beretik datozenak. Disko osoa pandemia garaian egin dut, eta abesti guztiek nostalgia puntu hori dute komunean. Barrura begirako diskoa izan da, barruan gordeta nituen sentsazio horiek islatu ditut bertan.
Talde handien mailara iritsi zara disko bakar batekin, oso azkar gainera. Non uste duzu dagoela arrakastaren gakoa?
Galdera ona. Ez dakit nondik etor daitekeen, baina nostalgia horrekin uste dut gazte asko identifikatu direla agian, iritsi zaiela mezua. Pandemiak eragindako gogoetak islatu ditut, eta hori ziur askok pairatu dutela.
Ahots oso landua erakusten duzu gainera, estilo oso berezia sortu duzula suma daiteke.
Hasiera batean rapa egiten hasi ginenean ez genuen ahotsa modulatzen. Base bat hartu eta horren gainean rapeatzen genuen, barruko sentimenduak islatzen genituen. Gaur egungo abesti asko oso itsaskorrak dira, baina letra aldetik sumatzen da ez direla oso landuak, nahiko sinpleak direla. Orduan, saiatu naiz letra sinpleak egiten, baina atzetik mezu bat daramatenak, zerbait kontatzen dutenak.
Aurrerapen kantuan denborari kantatzen diozu, txikitako oroitzapenei, betiko lagunei, hauen problematikari. Nola sortu zen hit bilakatu den abesti hau?
Bartzelonan pasatu nuen konfinamendua iaz, eta Bartzelonatik Oiartzunerako buelta hori kontatu nahi nuen abestian, hiritik herrirako itzulera hori. Alde batetik, denborari abestu diot, eta bestetik, barruan dudan ume horri abestu diot. Bartzelonan nintzen, eta lagunak hor zeuden, betiko tokian, parkean edo tabernan. Bartzelonan dena oso azkar mugitzen da, baina lagunek ohiko bizitzarekin jarraitzen zuten. Azkenean denbora metafora gisa erabili dut, oroitzapenetara jo dut. Abestiaren letra oso berezi eta pertsonala da. Lagunentzako ere abesti berezia da. Udaran pasa nien abestia, eta denek esan zidaten orain arte egindako onena zela, zerbait zuela abestiak.
‘Nerekin’ kantuak amodiozkoa dirudien arren, harago doa mezua, ezta?
Bai, hala da. Beste norbait maitatu ahal izateko norbere burua maitatzearen garrantziaz aritzen naiz. Askotan amodiozko kantak bi pertsonen arteko istorio bat dira, positiboan edo negatiboan. Horrelako kantu bat egin nahi nuen, baina bira bat emanez. Askotan egoten gara adi besteengan, eta ahaztu egiten gara gure burua maitatzeaz.
«Pandemiako gogoetak islatu ditut; gazte asko identifikatu dira agian»
‘Oraindik gazte’ kantuan, aldiz, nostalgia hori sumatzen da, gazteek ohiko bizitzarako eta normaltasunerako duzuen gogo hori islatu duzu. Pandemiak halabeharrez sortutako abestia izan da?
Zalantzarik gabe. Kanta honetan Oiartzungo festetan bildutako oroitzapenak bota ditut. Parrandako ohiko gertaerak kontatu ditut, gaueko istorio horiek. Gau haietara itzultzeko gogo horrek bultzatu ninduen, nostalgia handi horrek. Pentsa, joan den abuztuaren 4an idatzi nuen, ez-xanistebanetan. Lagun guztiak pena handiz ginen, jairik gabe geratu ginelako. Sentsazio arraro hori nolabait bota behar nuen.
Azken kantuan diozu: «Hartu gauzak eta baguz hemendik urruti behintzat. Zenbat aldiz esan genuen hemendik alde egingo genuela». Egoera honek bultzatutako kantua ere badela sumatzen da.
Denbora kantuan ere horrelako zerbait esaten dut. Gaur egungo egoeratik alde egiteko premia hori islatu dut. Abestiaren lehen zatia nostalgikoa da, baina bigarren zatia erabat ezberdina da. Bigarren zatian Cadillac batean goaz, hondartzatik zigarro bat belarrian jarrita. Lehenengo zatiaren kontrajarrera da. Lehen zatia tristeagoa da, eta bigarrenean, aldiz, irla batean sentitzen naiz, urruti, gustura.
Disko honetan ez, baina kolaborazio ugari egin dituzu azken urteetan, bereziki Oiartzungo raperoekin. Harrobi indartsua dago hemen, kultura berri bat sortu duzue. Kontaiguzu nola aritzen zareten, nola sortzen duzuen Euskal Herri guztira zabaldu den musika hori.
Egia da ikaragarria dela herri txiki honetan dugun harrobia. Kuriosoa da gainera. Txilly raperoa, adibidez, txikitatik oso laguna dut, eskolan batera egon gara beti. Gogoan dut batxilergoan nire etxera etorri zela, erosi berri nuen mikrofonoa probatzera. Bere lehen kanta han grabatu genuen. Hortik aurrera bide bat hasi genuen. Gero, nire lagun min Jon [Yung Tee] ere, nirekin break dance egiten aritzen dena, orain hor dabil kantuak ateratzen. Txiltxokoko Peru nire lehengusu txikia da, harreman oso estua dugu. Hauek gaztelekuan hasi ziren, taldea sortu eta abesti oso ezagunak kaleratu arte. Autobus Magikoko kideak ere betiko lagunak ditut, eskolakoak. Azken finean, denak oso lagunak gara, herriko gazteak gara, giro oso interesgarri bat sortzen ari da Oiartzunen. Eta gu, nola ez, oso pozik. Gazte asko gaude egurra ematen. Oiartzun ez da hiri bat, ez dira kanpoko kultura asko elkartu, eta kuriosoa da nola hedatu den hip-hop kultura herrian. Ez dakit esaten zergatik edo nondik sortu den hau, naturalki atera den zerbait delako. Lehenago edo geroago atera behar zuen zerbait izan da. Eta betikoa. Rapa egiteko ez duzu sekulako ahotsa behar, mikro bat eta gauzak esateko gogoa besterik ez dira behar. Horrela hasi gara denak, base baten gainean gure letrak botatzen, eta pixkanaka eboluzio moduko bat izan du hemengo panoramak. Estilo ugari ukitu ditugu, melodikoagoak kasu batzuetan, eta zorionez, arrakasta izan du gazteen artean. Oso harro egoteko modukoa da.
«Gazteek euskaraz egin dezaten haien kulturak euskaldundu behar dira»
Zaila izan da Oiartzun bezalako herri txiki batean rapa edo hip-hop kulturan murgiltzea? Aurreiritzirik izan al da?
Hasieran bai. 13 urte nituenean Cypress Hill bezalako taldeen bideoklipak ikusten genituen, edo break dance munduan gure erreferenteak jarraitzen genituen. Gure aitengana joaten ginen eta armairuko arropa zabalena eskatzen genien, hori janzten genuen. «Baina hauek zer ari dira horrela?», esaten zuten batzuek. Ez zen gauza oso naturala Oiartzunen. Orduan hip-hopa ez zegoen hain hedatua herrian. Normala den bezala, aurreiritziak egon dira, jasan ditugu, baina ez da izan gauza grabea. Ziur askok galdetuko ziotela bere buruari: ‘Mutiko hauek zer ari dira Elizaldeko frontoian bafle batekin dantzatzen?’. Asko harritu egiten ziren. Bidea hor eraiki dugu, jendeak pixkanaka ikusi du gauza berriak egiteko gai izan garela, euskaraz gainera.
Zergatik euskaraz, eta zergatik oiartzueraz?
Nire lehenengo abestiak euskaraz izan ziren, 14 urterekin. Ordutik denetik probatu dugu, gaztelaniaz, eta batzuetan Oiartzungo ingelesean [barrez]. Gero egia da ez niola rolloa hartzen euskaraz idazteari, gure erreferentziak bereziki gaztelaniatik zetozelako, eta errazagoa egiten zitzaigun. Ezkutuan probatzen joan naiz, eta behin lagun bati oiartzueraz idatzitako kantu bat erakutsi nion. Berak argi zuen, hori zen bidea. Oiartzueraz askoz ere naturalagoa da niretzat. Musika urbanoak sekulako xarma dauka oiartzueraz.
Beraz, hip-hopak bere txokoa egin du euskal kulturan.
Zalantzarik gabe, panorama inoiz baino indartsuago dago. Euskaldunak bagara, musika euskaraz egitea funtsezkoa dela uste dut. Hizkuntza guztiek dute bere xarma, batek ez du besteek baino garrantzi gehiago. Uste dut euskal kulturari zerbait polita eman diezaiokegula. Gero eta rapero euskaldun gehiago egon, orduan eta erreferentzia gehiago izango dituzte gazteek. Horrela errazagoa izango da euskal panorama bat sortzea. Niretzat klabea ez da musika euskaratua egitea, baizik eta musika hori euskaraz egitea. Hip-hopa bezalako kulturak euskaldundu behar dira, baina era naturalean. Nik, adibidez, musika urbano hori euskaratu dut, baina nire ukituarekin. Ez zait gustatzen gustuko dudan artista bat hartu eta hori euskarara ekartzea. Norbere estiloan gauzak egitea beharrezkoa da, beti ere euskaraz eginez eta ez euskaratuz. Atzerriko kultura bat landu dugu hemen, baina hemengoak gara. Atzerriko hori euskaraz egiten dugu, jendeak ikus dezala orain arte egiten ibili garen hori egun ere hemengoa dela. Nahi badugu gazteek euskaraz egitea, adibidez, gazteen kultura horiek euskaldundu behar dira, eta hip-hopean berdintsu. Askotan atzerrikoa izateagatik baztertzeko joera dagoela ikusi dugu, arrotza bezala ikusi. Baina zorionez gauzak aldatu dira.
Mikroa hartu aurretik (eta ondoren ere) break dance egitea izan da zure ‘hobby’ nagusienetako bat. Noiz eta nola hasi zinen b-boy fazeta hori lantzen?
Oso gazte, 11 urterekin uste dut. Orduan Oiartzungo futbol taldean sartu nintzen lagunekin, baina gutxi iraun nuen. Primeran pasatzen nuen lagunekin, baina sumatzen nuen ez nuela barruan neraman energia hori ateratzen. Behin telebistan break dance saio bat ikusi nuen, eta txundituta geratu nintzen. Ordutik, egunero gauean kalera ateratzen nintzen dantzatzera, Youtuben ikusten nituen pausoak imitatzera. Handik gutxira, Loiolako Artelekun hasi ginen, modu serioagoan. Astean zehar ikasitakoa erakusten genuen han ostiraletan. Hori baita hip-hop kulturaren helburuetako bat, jendearekin partekatzea, errespetuzko klima bat sortzea, eta finean, ondo pasatzea.
Kontzertu gutxi batzuk eman dituzun arren, urte luze honen ostean oholtzara igotzeko irrikaz, ezta?
Oholtza bat zapaltzeko gogo handiak ditut, baina orain denboraz larri nabil. Astelehenetik ostiralera Barakaldon nago eta asteburuak lagun eta senideekin egoteko probesten ditut. Orain ez dut denborarik show moduko bat prestatzeko. Horregatik argi dut, gaizki egiteko hobe dela ez egitea [barrez]. Oholtzara igotzerakoan jendeak ikus dezala prestatu dugula aurretik. Baina, bai, baditut gogoak mikroa berriro hartzeko.
Jarraitzaileen gozamenerako, badu Bengok hurrengo proiekturik esku artean?
Bai. Larunbat honetan bideoklip bat grabatuko dugu, Parketik mundura abesti berriarena. Bideoklip honekin single moduko bat kaleratzea da asmoa. Ez dut gehiegi aurreratu nahi, baina aurki entzuteko aukera egongo da.