Oarsoaldeko udalerriak, COVID-19aren eremu gorri berritik urrun momentuz
Labiren mahai politikoak gaur arratsaldean erabaki dezake 400dik gorako tasa duten udalerrietan neurri murriztaile gehiago ezartzea.
Labiren batzorde teknikoak atzo hainbat neurri berri proposatu zituen COVID-19ari aurre egiteko. Horien artean daude 100.000 biztanleko tasa 400dik gora duten udalerriak (edo herrialdeak) ixtea, eta horietan ostalaritza jarduerak mugatzea. Gune horietako barrualdeak ixtea, eta gosaritarako edo bazkaritarako soilik irekitzea litzateke ostalaritzako proposamena (06:30etik 09:30era goizez, eta 13:00etatik 16:30era arratsaldez.).
Gaur, Labiren mahai politikoak 16:30ean egingo duen batzarrean proposamen horiek aztertuko ditu. Ziurrenik, joan-etorriak mugatzera eta ordutegiak murriztera joko dute, hau da, batzorde teknikoaren proposamenak onartu dituzte. Aste Santu aurretik aplika daitezke neurri horiek.
Oarsoaldeko udalerriei dagokienez, eta atzoko datuak kontuan hartuta, 400eko tasa horretatik urrun samar daude. Atzo, adibidez, COVID-19agatik hamabi positibo atzeman zituzten Errenteria-Oreretan, sei Oiartzunen, bost Pasaian eta Lezon ez zen kutsaturik izan. Honakoak dira tasa horiek Osasun Sailak dituen datuen arabera:
- Pasaia: 215,29 (hilaren 17an 227,25)
- Errenteria-Orereta: 151,83 (hilaren 17an 87,12)
- Oiartzun: 221,82 (hilaren 17an 77,15)
- Lezo: 98,68 (hilaren 17an 82,24)