[Elkarrizketa] "Ahal dudan Korrika guztietan segituko dut parte hartzen"
Korrika guztiei errepasoa eginez gero, ia denetan aurkituko dugu Matu, korrikalari gisa, antolakuntzan edo azken urteetan, furgonetan. Mantenu zereginaz arduratzen da, ez baita "lana" berarentzat
Norbait Korrikan aditua bada zu zeu zara. Hasieratik partaide kanpotik, orain, laguntzaile, barrutik…
Lehenengo Korrika ez dut gogoratzen. Bigarrena bai, gogoratzen dut; Zumarditik pasatu zen. Korrika 3an Bilbon izan nintzen. Korrika 4ean AEKn nintzen, eta, handik aurrera, antolatzen ibili naiz. Korrika 8tik lasterketaren barrutik hartu dut parte. Eskatu nuen ea posible zen, eta baietz esan zidaten. Korrika guztiak egin ditut bertan 21 arte, 13 eta 14 izan ezik, espetxean nintzela.
Nola egin zenuen jauzi asfalto gainetik furgoneta gainera?
Furgoneta herrietatik pasatzean, ikusten nituen bertan zihoazenak, eta inbidia ematen zidaten. Horregatik eskatu nuen ea posible zen parte hartzea, eta Korrika 8an deitu zidaten.
Nolakoa izaten da furgonetako martxa?
Gure zeregin nagusia lekukoa amaierara iristea da, ahal bada, garaiz. Gero, lasterketa animatzea; ordutegia kontrolatzea; pankartak atera eta jasotzea eta arazoren bat baldin badago, konpontzea.
Urte hauetan guztietan aldatzen joango zen furgonetako martxa hori…
Gauzak asko aldatu dira. Argazkiekin, esaterako. Argazkiak atera eta gero, norbaitek bila etorri behar izaten zuen errebelatzera, egunkarietara bidaltzeko 19:00ak baino lehen… Hasierako taldean hamar lagun izaten ginen, eta, orain, berriz, zortzi. Argazkilaria taldean txertatua dago. Beste bat ordenagailuarekin aritzen da, beste bat mikroarekin, animatzeko; gidaria… Guztira, bi furgoneta doaz lasterketan: bata aurrean eta bestea atzean, eta hirugarren bat txanda aldaketa egiteko.
Zuk furgonetan zein ardura daukazu?
Denetarako mutila naiz. Gaixo jarri aurretik mantenuaz arduratzen nintzen. Aurreko Korrikan, autokarabana bat hartu genuen. Goizean, errepasatzen genuen dena, eta, gauean, ohera. Egunean edo gauean matxuraren bat baldin bazegoen, deitzen ziguten eta konpontzera joaten ginen, baina ez zen halakorik gertatu.
Azkenean, lana gogorra izango da, Korrika ez baita gelditzen…
Hori ez da lana, gustura egiten dudan zerbait da. Korrika ez da gelditzen, eta ez dirudi, baina, azkar mugitzen da. Agian, lasterketatik ateratzen zara kafe bat hartzera, eta konturatzerako, kriston bidea egin du.
Teknologiak ere erraztuko zuen betebehar hori…
Garai batean megafoniekin ibiltzen ginen, etxetik hartutako generadore bat eta Krik Krak-ek utzitako musika ekipo bat. Bozgorailuak ateetatik zintzilik eramaten genituen. Musikari dagokionez, bi zinta eramaten genituen Aide Korrika eta Joxe Ripiau edo Mecaniciens-en (ez dut gogoratzen) beste bat. Kalkulatua daukat bi abestitik behin, Korrikakoa entzuten nuela, beraz, 2.000tik gora aldiz entzun nuen. A ze matraka zen guretzat, baina korrikalarientzat ez. Aurrerago, Minidiskarekin hasi ginen, CDek salto egiten zutelako zuloetan. Gero, MP4 batzuekin ibili ginen, eta, orain, ordenagailua.
Bestetik, furgonetan doazenentzat, pixa egitea mugida bat da. Mutilentzat, tira, baina neskentzat… Mutilek Korrika aurreratzen genuen, eta trebetasunaren arabera, bueltatzen zinen. Neskei begira, atzeko furgonetan, komuna egin genuen.
Gero, bozgorailuak gora eraman genituen, baina generadorea alboko atean zihoan, eta zarata handia ateratzen zuen… Denborarekin parrila bat utzi ziguten, baina moztu egin behar izan genuen bozgorailuak sartzen ez zirelako, eta, azkenean, erosi egin behar izan genuen. 1.600 euro. Hurrengo parrila guk geuk egin genuen; lagun batzuk soldeatu ziguten, eta bestearen erreplika bat zen.
Azkenik, furgoneta bat Korrikatik sekula ez ateratzea ahalbidetu genuen. Gasoila furgonetan bertan eramaten dugu, eta behar duenean, bete, eta listo. Sabaira igotzen dugu gasoila, eta tutu baten bidez betetzen dugu. Horrela, lehenengo furgonetak Korrika hasi eta bukatzen du. Egia da, adibidez, Pasaian, uretatik ez dela pasatzen, oraindik, baina…
Oraindik.
Oraindik, baina iritsiko da [kar-kar-kar]. Azkeneko Korrikan, berriz, generadorea kendu genion, eta furgonetak duen alternadorearekin bakarrik, funtzionatzen du musikak eta furgonetak. Orduan, ez daramagu zaratarik.
Korrika oso berezia izango da zuretzat, baina badaukazu baten bat kuttunagoa?
Lehena beti da lehena eta azkena beti da azkena. Eta datorrena badator. Denak dute bere xarma. Denak dira niretzat hain garrantzitsuak nahastuak ditudala buruan. Ez dakit zer Korrikakoa den zer. Lehen, adibidez, argazkia egiten zen piloto suizidaren bidez. Arratsaldeko lauretan ateratzen zen Bilbotik motorrean pertsona bat. Motorrean ziztu bizian joaten zen Korrika zegoen tokira, jasotzen zituen karreteak, eta ziztu bizian bueltatzen zen Bilbora errebelatzera. Hurrengo Korrika 9an, Jagoba Manterola argazkilariak laborategi bat muntatu zuen lasterketan bertan. 24 orduz zegoen argazkiak ateratzen eta bertan errebelatzen. Momentu bereziak mila izan dira, baina kolpetik, orain, ez naiz gogoratzen.
22. Korrika 2022ra atzeratu dute pandemiarengatik. Pena eman dizu bertan behera geratu izanak?
Korrika 22an sartuta nabil duela bi urtetik. Korrika bukatu baino lehen ere hurrengoan pentsatzen hasten naiz. Atzeratu dute, eta pena. Nik proposatu dut hurrengo Korrika 2022ko otsailaren 22an, 22:22an egitea. Garaizegi izango da seguruenik… Aurten egin izan balitz, oso aproposa zen, San Jose zubia zegoelako. Urepelen bezala. Datorren urtean ez da hala izango, ze azken finean Aste Santurako bi aste faltan izaten da. Hori aldatu beharko litzateke Korrikaren data Aste Santuaren arabera egitea.
Data aproposa zen, beraz…
Baina egia da ere atera izan balitz, elurtea iragarrita zegoela… Baina okerragoak ere egin ditugu. Hiru metroko elurrarekin hasi izan da Korrika. Orreagakoa. Ni orduan ez nintzen. 3 metroko paretak zeuden elurrarekin Orreagan. Guri tokatu izan zaigu elurrarekin portuetara justu-justuan iristea. Eguraldiak asko baldintzatzen du… Baita euriteak ere, Ebro ibaia hazita joatea eta buelta eman behar izatera beste alde batera…
Hurrengo urtean ikusiko zaitugu furgonetan?
Duda? Jakina baietz! Behintzat, uzten badidate eta bizi banaiz.
Eta noiz arte?
Garaipenera arte, beti. Ahal dudan guztietan eta uzten didaten guztietan. Korrika ezin dut egin, eta furgonetan zabiltzala, ez zaizu gehiegi korrika egitea egokitzen (beti ez da horrela ere), beraz, autokarabanan jarraituko dut mantenua egiten. Iaz autokarabanan joan ginen DJ Bull eta beste pare bat. Herri txikietan Korrika aurreratzen genuen eta Bull jartzen genuen musika jartzen eta lata ematen.
Aurten Bultza egitasmoa jarri dute martxan, Korrika modu batera babesteko.
Korrikak bi helburu ditu: euskararen kontzientziatzea eta ekonomikoa. AEK-k dirua behar du. Oraindik ere XXI.mendean diru eske ibili behar izatea ere… izugarria da. Gero, ez dakit 2023an edo 2024ean izango den hurrena. Jarraian bada, ni poz-pozik.