[Erreportajea] Eresbil, euskal musikaren tenplua
1974an sortu zen Eresbil, Errenteria-Oreretan. Bertan jarraitzen du, eta euskal artxibategi nazional izaera dauka. Milaka artxibo gorde eta dokumentatzen dituzte, benetako altxorrak horien artean.
Niessen fabrika zenaren errautsetatik jaiotako eraikinak irudikatzen du, laster Lekuonak egingo duen bezala, gizarte industrialaren eta kulturan oinarritutakoaren arteko trantsizioa.
Alfonso XI.aren kalean duen arkupearen ertz batean dago Eresbil, Euskal Musikaren Artxibategia. Duen sarbide ttattarra ez da horrelako instituzio batek merezi duena. Barrukoa, bai, barruan beste dimentsio bat hartzen du Eresbilek.
Pello Leiñenak bederatzi hilabete daramatza artxibategiaren zuzendari lanetan, Jon Baguesen lekukoa hartuta. Berria da karguan, baina orain dela 29 urte hasi zen bertan lanean. Eresbilen hainbat txoko eta harribitxi erakutsi dizkio HITZAri.
116.000 ikus-entzunezko artxibo, 98.000 partitura, 21.500 liburu eta aldizkari, eta dokumentazioko 27.600 pieza dituen erraldoi batean nondik hastea zaila da, eta proiektu berrienetik hasi du bisitaldia: dantza bildumatik.
«2006an hasi ginen dantzari buruzko bilduma prestatzen, bibliografiarekin eta. Dantzagunea Errenterian dago, eta Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri ginen. Orduan hasi ginen bilduma prestatzen», azaldu du Leiñenak.
Pixkanaka ari da gorputza hartzen, gelaxka txiki batean aterpe hartuta. Indarrak proiektu horretan jartzen ari direla baieztatu du, eta dantza garaikide zein tradizionalarekin lotutakoak biltzen ari direla.
«Bideoak jasotzen ari gara, dantzan.eus eta beste erakunde batzuenak. Kontrolatzen, katalogatzen eta digitalizatzen ari gara, gure webgunean kontsultatu ahal izateko», zehaztu du.
Leiñenaren esanetan, jendeak ez daki Eresbil dagoen tokian dagoela, eta zerbitzua emateko dagoela. Onartu du «oso espezializatuta» daudela eta ez dela arratsaldepasa joateko toki bat. «Normalean ikertzaileak etortzen dira, eta abesbatzetako zuzendariak, abeslariak, musikariak… Artxiboa gara, bai, baina liburutegi lana ere egiten dugu, baita dokumentazio-zentroarena ere. Egunero ari gara datuak biltzen».
Ohiko bilketa lan horren adibide pare bat jarri ditu Eresbilen zuzendariak: «Adibidez, musika talde berri bat sortzen duzu, disko bat atera, eta egunkarian agertzen bazara, guk fitxa irekiko dugu, eta kontrola eramaten dugu». Beste etsenplua da norbait joan daitekeela galdetuz Errenteria-Oreretan zenbat musika talde dauden. Errolda moduko bat daukate; zehazki, udalerriko mila erreferentzia baino gehiago dituzte katalogatuta, autore, konpositore, musika talde, txistulari eta abarren artean.
Eresbil entzutez ezagutzen duenak agian musika klasikoarekin lotu dezake, edo kultura jasoarekin. Baina ez da horrela; «mota guztietako musikarekin» lan egiten dute. Eresbileko langile baten mahaiaren gainean dagoen Negu Gorriaken Hipokrisiari Stop! Bilbo 93-X-30 diskoak esandakoa berretsi du.
Dena dokumentatzen dute Eresbilen, Eusko Jaurlaritzak lege gordailu izaera eman baitzien. Beraz, argitaratutako gehiena jasotzen dute. «Eta ez baldin bazaigu iristen, erosten dugu. Edo bandcamp-en abesti bat baduzu, jaisten dugu. Edo saiatzen gara, ez baita hain erraza, Internetekin asko zaildu baita lana», gaineratu du.
Euskarri fisikoaren balizko bukaeraren zain egon gabe, sistema mistoan egiten dute lan; dokumentu mota klasikoekin eta digitalekin egiten dute lan.
Industria eta musika
Errenteria-Orereta hiri postindustriala izanagatik, industria indartsu zegoen garaian musika eta fabriken arteko harremana handia izan zen. Jaione Landaberea Eresbilgo teknikariak josi ditu ustez elkarrengandik hain urrun dauden bi mundu horiek.
Lehen Mundu Gerra garaiko Oarsoaldera salto egin du Landabereak. Pathe Freres enpresa frantsesak Iberiar penintsulako pathefonoa ustiatzeko lizentzia eman zuen. Erabaki zuten Pasaian jartzea fabrika bat, Frantziako Estatuarekin muga hurbil zegoelako.
Salustiano Loinaz irundarrak beste bazkide batzuekin sortu zuen fabrika hura, udalaren baimenaren zain egon gabe. Beste tokietatik ekarritako matrizeak grabatzen zituzten.
Gaur egun Eresbilen egoitza dagoen tokira, 1914an, Guillermo Niessen (jatorriz, Wilhelm) enpresari alemaniarrak bere fabrika elektroteknikoa eraman zuen Bordeletik. Hura ere Lehen Mundu Gerratik ihesi. Entxufeak-eta egiteko beharrezko materialetako bat bakelita zen.
Niessenek lortu zuen Espainiako Estatuan material sintetiko hori ustiatzeko lizentziaren esklusibitatea. Argindarrarekin funtzionatzen duten etxeko tresneria isolatzeaz gain, diskoak egiteko materialetako bat zen. Lehenengo diskoetan erabiltzen zuten kakalardoen erretxinatik ateratako laka goma ordeztu zuen.
Diskoak egiteaz gain, haiek entzuteko gailuak ere egiten ziren Manchester txikia esaten zitzaion herrian. Etxeberrietako Uranzu kalean, Industrial Fonografica izeneko lantegia zegoen. Diskoak ere saltzen zituzten. «Antontxu Sainzek bere aitaren funtsa eman zigun. Ziurrenik, han erosi zituen diskoak», adierazi du Landabereak.
Artxiboetako harribitxiak erakusten jarraitu du Landabereak. Mercedes Pujol, Regimiento de Navarra erreketeena, Manuel Yabenen Maitechu mía… Juan Iñurrietaren izena ere aipatu du. Donostian denetik saltzen zuen denda bat zuen, eta euskal musikarekiko zaletasuna zuen. Ikusi zuen ez zegoela erregistrorik, eta —esaterako— Donostiako Orfeoiari bidaia ordaindu zion Berlinera, 1912an.
Komertziante sena zuen Iñurrietak, eta 1917an Loinazekin elkartu zen, Columbia diskoetxea Donostiako Antigua auzoan sortzeko.
Apalategietatik momentuan grabatzen zen disko bat atera du Landabereak. Momentuan momentukoa erregistratzea ez dute ez Instagramek ezta Tik-Tokek ere ekarri. Cantos Vascos du izena, eta data bat: 1942ko abuztuaren 7a. Ameriketako Estatu Batuetan grabatua dago. Abeslariak, ezagunak, behartutako erbestearen ondorioz seguru aski herriminak jota: Jose Antonio Agirre lehendakaria, Jose Maria Lasarte, Anton Irala eta Telesforo Monzon.
Material delikatua da, eta diskoak erreproduzitzeko gailuak lortzean, digitalizatu egiten dituzte. Are delikatuagoak dira Edisonen fonograforako diskoak. Argizarizko arrabolak dira, XIX. mende bukaerakoak, eta Negurikoen esku zeuden bakarrik, prezioa dela eta: sei, hamabi… pezeta balio zuten, eta iraungitze data izan ohi zuten. «Garaiko hit-paradea grabatu zuten: Boga-boga, Gaueko izarra…», esan du Landabereak.
Diskoak utzi, eta funtsak dauden galeriak erakutsi ditu Leiñenak. Jaso zuten lehenengoa Norberto Almandozena izan zen, oso mardula. Ondoren etorri ziren Yon Oñatibia, Jose Antonio Arana Martija, Francisco Escudero, Santiago Vengoechea… eta Astorgako kartzelan preso zeuden gudarien grabazioen funtsak.
Batzuen kasuan ordenatuta etortzen da, eta besteetan Eresbileko langileek antolatzen dituzte liburu, disko, aldizkari, gutun eta dena delakoak. Leiñenak jakinarazi du beren webgunean kontsulta daitezkeela gidak. Bitartean, beraiek, ondarea biltzen eta zaintzen jarraituko dute. «Hori da gure lana».
Eresbil, Musikasteren eskutik hazi zen kumea
Jose Luis Ansorena (Donostia, 1928-Iruñea 2019) 1966an iritsi zen Errenteria-Oreretara, apaiz lanetara. Egon zen aurreko tokietan bezala, musika sustatu zuen hirian, Fatimako Andra Mariaren parrokiatik. Andra Mari Abesbatza sortu zuen, beste hainbat proiekturen artean.
1973an Musikaste antolatu zuen, eta arrakasta ikaragarria izan zuenez, bigarren bat egitea erabaki zuen. Programazioaren protagonista izan ziren partiturak-eta nonbait gorde behar ziren, eta armairu bat atondu zuten.
Armairu hura izan zen gaur egungo kumearen ernamuina. Leiñenak garaiko testuingurua gogorarazi du: «Momentu kultural berezia zen. Frankismoa indarrean zegoen, eta kultur aldarrikapenak hor zeuden; musika, dantza edo koruen mugimendua oso indartsu zegoen. Gure aldetik, musika erreibindikazioa hor zegoen».
Pixkanaka elikatzen hasi ziren artxibo hura, eta gaur egun Eresbilen lehen bilduma haren partiturak 33.000 dira, eta erregistratutako autoreak 2.800 inguru. Zifra «oso potenteak», zuzendariaren arabera.
Horiek guztiak gordetzeko beste eraikin bat behar zuten. Fatimako elizako lokalak oso txiki geratu zitzaizkien, eta, gainera, lan egiteko baldintzak ez ziren egokienak, toki iluna zelako, besteak beste. 2002an atzean utzi zuten katekista eta ume bihurriz betetzen zen lokala, Niessenera joateko. «Gogorra zen han lan egitea; gauzak nola aldatu diren ikusteak pozten gaitu», esan du zuzendariak.
Urtero bueltatzen dira Eresbilen hazia izan zen tokira, Musikasteren eskutik edo abesbatzen emanaldiarekin. Iazko Musikaste urrian egin zen, eta aurtengoa bide beretik joango da. «Nahi nuke 2022koa maiatzera bueltatzea, 50. ekitaldia izango baita. Ikusiko dugu», esan du Leiñenak.
Eresbil «bizirik» dagoela aldarrikatu du, eta Musikaste antolatzeko urtero ateratzen dituzte partiturak, transkribitu eta kopia digitala egiten dute, gero kontzertuetan interpretatzeko.
Ansorenak erein zuen haziak —haziek, hobe— loratzen jarraitzen dute, eta Errenteria-Orereta erreferente da Euskal Herriko musikagintzan. 2018an apaiz izan zen auzoko plazari Jose Luis Ansorena erantsi zioten. Zehazki, lehen Musika Plaza izena bakarrik zuenari. Zeini, bestela?