Zaintza, gatazkaren alde ezkutua
Oiartzungo 35 emakumek saioa egin dute. Kartzela, erbestea edo deportazioa gertutik ezagutu dute. Zaintza sareetan lana beren bizkarrean izan dute, eta beren esperientzia partekatu dute.

Oiartzungo Sare, herriko hainbat eragilerekin, urteko hilabete bakoitzean alor bat jorratzeko lanketan ari da. Martxorako, Oiartzungo Feministen Asanbladarekin jarri zen harremanetan, Martxoaren 8aren bueltan zerbait egiteko. Mugimendu feministako kideek gonbidapenari baietz esan zioten, eta segituan hasi ziren zer egin zezaketen pentsatzen.
«Hasiera batean, asmoa zen hitzaldi bat antolatzea emakumea, kartzela eta zaintzari buruzkoa», adierazi du Ainara Lasa Perez mugimendu feministako kideak. Villabonan antolatutako esperientzia baten berri bazuten, baita beste hainbat herritan egindako batzuena ere. Baina kartzela eta emakumearen arteko harremana espetxearen lau paretetatik atera nahi zuten. Pixkanaka hasi ziren definitzen zer egin nahi zuten, eta ohiko eskemara jo zuten: hitzaldi bat antolatzea, hiru hizlari, moderatzaile bat eta edukiera bete arteko entzuleekin. Hizlariei dagokienez, pentsatu zuten preso ohi bat, erbestea ezagutu zuen bat eta preso, errefuxiatu edo deportatu baten inguruko bat gonbidatzea.
«Pertsona batzuengana hurbildu ginenean», adierazi du Lasak, «errealitate batekin egin genuen topo: esaten ziguten ez ziotela beren buruari autoritate nahikoa ematen hitzaldi bat emateko». Bere esanetan, autoritatearena zerbait «erlatiboa» da: «Gizonen kasuan, inork eman gabe hasten dira kasu askotan kontatzen». Zailtasuna zirudiena, baina, aukera bihurtu zuten, eta formatuari buelta bat eman zioten, ikuspuntu feminista batetik. Modu horretan, kontatuko ziren esperientzia guztiak maila berean jarri nahi zituzten, eta solasaldi informal bat sortu, tonu intimo batekin. «Prozesuan detektatu dugu emakumeek emakumeekin esperientziak bizi izan dituztenean, dezentetan partekatu dutela zaintzaren karga hori, baina gero ez duela ikusgarritasunik izan. Entzunda jendeak zein tonutan hitz egiten zigun, erabaki genuen emakumeen arteko solasaldia bakarrik izatea».
Oiartzungo udaletxeko areto nagusiko edukiera betetzea zen hurrengo pausoa. «Zerrenda bat hartu genuen, espetxean egon den oiartzuarrena, eta gutun pertsonalizatu baten bidez hurbildu ginen zaintza sare horretan egon diren pertsona bakoitzarengana». Lasak zehaztu duenez, gehienak errepresaliatuen familia zuzena dira, duela urte batzuk ez bezala, gaur egun ohikoagoa baita zaintza sareetan lagunak egotea.
Proposamenak harrera «oso-oso ona» izan zuela adierazi du, eta Oiartzungo hainbat belaunalditako 24 emakumek eman zutela baiezkoa. «Gogoa» eta «beharra» sumatu zituzten. Gainera, edukiera betetzeko, hamar gonbidapen banatu zituzten. Denak talde bakarrean jartzea zen asmoa, «giro goxoa» sortzeko. Izan ere, Lasarentzat, horrelako gai delikatu batek konfiantza lantzea behar du. Gainera, orain arte landu ez diren gaiei buruz hitz egingo zuten, eta gero eta gehiago ateratzen ari direla mahai gainera. «Irakurketa feminista bat egiteko zirrikituak sortzen ari dira, eta irakurketa hori, kritikotasunez egiten bada, gure argi-ilunak erakusteko momentua izan daiteke, eta aitortza bat egitekoa beste epika bati. Gure epika, azkenean, izan da gudaria=gizona, eta kartzelan dago, edo erbestean, eta hori sostengatzen duen zaintza sarea oro har emakumeek hartu dute. Rol banaketa horretan, zaintzarenak ez du ikusgarritasunik eduki».
‘Erretagoardia’, elkarrekin
Solasaldia egiteko data jarri zuten: martxoaren 25a. Erretagoardia. Emakumeak*/ kartzela / erbestea / zaintza izena jarri zioten topaketa hari. Han elkartu ziren gutun pertsonalizatua zein gonbidapena jaso zuten 35 emakumeak. «Zaintza sareetan lehenengo lerroan egondako emakumeak izan dira, bai kartzelan egon direlako, bai senideak espetxean izan dituztelako, edo erbestean, edo… Denetariko kasuak zeuden. Gainontzeko hamarrak gaiarekin interesa zuten herritarrak dira, baina egoera nola edo hala ezagutzen zutenak, zeharka edo gertutik».
Belaunaldi ezberdinetako emakumeak elkartu ziren, Lasaren arabera, gatazkak berak garai eta fase ezberdinak izan dituelako. Ez zuten nahi azken urteetako fasearekin gelditu, ikuspegia murriztuta geldi zitekeelakoan. «Bestela», jarraitu du, «memoria ariketa honen parte handi bat gal genezakeen».
Saioaren aurretik, «tentsioa eta emozioa» igartzen zirela jakinarazi du. Antolatzaileek bost galdera orokor egin zituzten hasieran, izotza urtzen joateko. Parte hartzaileen herenak inguru hartu zuen hitza, eta hainbat bizipen azaleratu ziren. Urtegi bateko ateen irekierarekin alderatu du Lasak: «Askotariko bizipenak zeudela ikusi genuen, oso ezberdinak. Gainera, zaintzaz hitz egiten dugunean, jabetzen gara eremu askotan eragiten duela: izan daiteke zaintza familian; lagunarteari dagokiona; herriaren ikuspuntutik; ezker abertzalearenetik… ikusten zen kapa ezberdinak zeudela, eta solasaldian kapa horiek elkar gurutzatu egin ziren. Horregatik egin genituen galdera orokorrak, ikusteko non kokatzen ziren kezka eta gogoetak».
Ekarpenak askotarikoak izan ziren arren, aipatu du bazegoela gai bat hizlarien gainean bueltan, zeharlerro moduan: zaintza lanari eman zaion ikusgarritasun eza. Lasarentzat ez da kasualitatea emakumeek egindako lan batek izatea ikusgarritasun falta: «Gizartearen isla da hori».

35 emakumek hartu dute parte zaintza sarearen gaineko saioan.
Bizi izandakoaren kritika feminista egin nahi zuten, zaintza lana emakumeen bizkarretan geratu zela berretsi baitzuten saioan bertan. «Kasu honetan ere bai, emakumeok jarri ditugu besteen beharrak gureen aurretik, eta eraman dugu gainkarga bat ez duguna partekatu inguruarekin, gure eginkizuntzat dugulako». Izan ere, bere garaian oro har gizonek egindako hautuek emakumeen bizitza pertsonala edota profesionala baldintzatu dute. Gizartearen egituraketari berari egotzi dio dena alde batera utzi behar hori: «Sistemak antolatzen du dena zuk ere jar dezazun hori guztia zurearenaren aurretik, hipotekatuz zure bizitza». Horrez gain, agertu zen beste aldagai komun bat izan zen zaintza lanak ez daudela izendatuta, eta, hala ez daudenez, ezin direla banatu ezta sarerik artikulatu ere».
Esperientziako lehen saioan «neke baten ajea» sumatu zuten, eta euste lan horrek memoria kolektiboan ez duela tokirik. Epika kontzeptua azaleratu du berriro: «Epika lehen lerrokoa da, eta hor gizonak izan dira. Baina gizonak atxilotu, deportatu eta ihesera joan behar izan dutenean, horri guztiari eustea lortu dutenak emakumeak dira. Ez dago kontakizunean, eta sartu beharko litzateke».
Zaintzari buruz hitz egiteko elkartu ziren, baina hizpide izan zituzten beste hainbat gai: garaiari lotutako gauzak eta nola egin ziren, egungo ikuspuntu batetik begiratuta. Min asko gurutzatu zirela esan du Lasak. «Abangoardia/erretagoardia ideiak kontrajarri nahi nituen. Uste dut hainbat gairi hautsa kentzeko emakumeok garela kapazenak».
Hasi besterik egin ez den esperientzia
Martxoaren 25eko solasaldiak, zerbaiten bukaera izan baino gehiago, zerbait ireki zuela sentitu zuten antolatzaileek, han bildu ziren emakumeek esperientzia horri jarraipena emateko gogoa adierazi baitzuten. Orain, aurrera begira eman beharreko pausoak zeintzuk izango diren zehazten hasiko dira.
Ainara Lasa Perezek esan duenez, «meloi bat zabaldu» zuten, eta metodologia bera zaindu behar dutela gaineratu du. «Ikusi behar dugu nola identifikatu emakumeek duten hitz egiteko behar hori: zaintza familian, herrian, lagunartean, ezker abertzalearen munduan…».
Martxoaren bukaerako saioak bi ordu inguru iraun zituen; pandemiak sortutako baldintzek ez zuten erraztu formatua, ez zen aurretik espero bezain «goxoa» izan —egoerak hala behartuta—. Gainera, jende aurrean hitz egitea zaila da pertsona askorentzat. Kontuak kontu, sortu zen foro hori ahalduntze espazio gisa ere ikusi dute. «Interesgarria izan zen, aipatu genuenez, bestea epaitu gabe, askatzailea eta parte hartzailea izan zelako».
Lasak aitortu du ez dakitela noraino iritsiko diren eta zein izango den egingo duten ekarpena, baina borondate eta gogorik ez zaiela falta nabarmendu du: «Prozesuan bertan jarri zen azpimarra: bagenuen beharra, hel diezaiogun gaiari eta egin dezagun bidea elkarrekin».