Oiartzunek bi puntu galdu ditu Castejonen, bigarren zatian
Oiartzungo nesken talde nagusia markagailu eroso batekin joan zen atsedenaldira, baina lortutako errenta ez zuten aprobetxatu.
Oiartzun Kirol Elkarteko talde guztiek ez dute atsedena eduki asteburuan. Horietako bat izan da nesken talde nagusia. Nafarroako Erriberaraino joan ziren, Castejonen zelaian jokatzeko.
Partida ongi hasi zen, Miren Unzueta eta Maria Granadok gol bana sartu baitzuten. Bi goleko errenta horrekin iritsi ziren atsedenaldira, baina bigarren zatian gauzak okertu ziren.
Zentral termikoko aireak jota edo, denbora tarte txiki batean bi gol sartu zituzten Ebro bazterrekoek. Etxetik kanpo puntu bat urratzearekin kontsolatu beharko dute.
Mutilen bigarren taldeak, berriz, Vasconia taldeari irabazi zion, Donostian. 2-3 nagusitu ziren, Koldo Mitxelena, Jon Garmendia eta Ibar Kortabitarteren golei esker.
Jokatu zuten beste biak areto futboleko bi taldeak izan ziren. Oiartzun KE izena daramanak jipoi ederra eman zion Goierriri, Urretxuko Aldiri kiroldegian 1-9 irabazita. OKE Miren Tabernak, berriz, 3-0 irabazi zion Gure Txokoari.