COVID-19a: Oarsoaldea osoa gorrian
Pasaiak 100.000 biztanleko 400eko tasa gainditu duelako, Oarsoaldeko herri guztiak COVID-19aren eremu gorrian daude dagoeneko.
Koronabirusaren asteburuko datuek, aurreko asteko joerak berretsi egin dituzte. Horren ondorioz, ostiralean eremu gorritik salbu zegoen herri bakarrak, Pasaia, 100.000 biztanleko 400eko tasa gainditu egin du. Beraz, Lezo nahiz Oiartzunek jada ezarrita dituzten murrizketekin jarraituko dute, eta bihartik (asteartea) aurrera horiek Errenteria-Oreretan eta Pasaian aplikatuko dira. Laburrean: gorrian egonda udalerriak perimetralki ixten dira, eta ostalaritzako establezimenduen barrualdea gopsarietarako (06:30-09:30) eta bazkarietarako (13:00-16:30) zabaldu ahal izango dira; terrazak ez dira itxiko.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzak gaur ebatzi du zein udalerriri ezarriko zaizkion eremu gorriari dagozkion neurri murriztaileak, eta bihar sartuko dira indarrean. Hortaz, Lezori eta Oiartzuni Pasaia eta Errenteria-Orereta batuko zaizkio.
Bien bitartean, jarraian Oarsoaldeko lau herrietako tasen zerrenda. Parentesi artean, ostiral, larunbat eta igandean izan diren positiboak herri bakoitzean:
- Oiartzun: 665eko tasa (asteburuko positiboak: 4-4-3).
- Lezo: 641eko tasa (asteburuko positiboak: 4-4-1).
- Errenteria-Orereta: 537ko tasa (asteburuko positiboak 25-21-19).
- Pasaia: 430eko tasa (asteburuko positiboak: 9-8-4).