Natura eta Ingurumen Zinemaren I Erakustaldiarekin bi hitzordu
Gipuzkoa Natura eta Ingurumen Zinemaren I erakustaldiaren barruko bi film proiektatuko dira Niessen Kulturgunean. Bihar (hilak 14) eta hilaren 20an izango dira bi film emanaldiak.
Gipuzkoa Natura eta Ingurumen Zinemaren I erakustaldiaren barruko bi film proiektatuko dira Niessen Kulturgunean. Bihar (hilak 14) eta hilaren 20an izango dira bi film emanaldiak. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen sailak sustatutako Gipuzkoako Naturaldia iniziatibaren parte da GNAT zinema, eta gaurtik hilaren 23ra bitartean Gipuzkoako zortzi udalerritan, hamar filma ikusteko aukera izango da: Dehesa, Mountain, Artifishal, The Wild Thing, Los plastico, Out of plastic, Natura Bizia, The Sacred Place Were Life Begins, Burbunak, eta Etsayak y David Attenborough: Una Vida en Nuestra Planeta.
Zinema erakusketa horren helburua gertuen dagoen naturaren kalitatearen zabalkundea egitea da, pertsona eta naturaren arteko harremanean sakonduta, eta gizartea naturarekin erlazionatzeko dituen formak ezagututa: naturaren kultura gizartean, gizakiak, naturan duen aztarna, pertsonen eta animalien arteko lotura, haurrak eta natura.
Errenteria-Oreretan erakustaldiaren barruan programatutako hamar film horietatik bi emango dituzte. Artifishal, emango dute bihar. Pertsonei, ibaiei eta arrain basatien etorkizunaren eta haien euskarri den ingurumenaren aldeko borrokari buruzko filma da Artifishal. Basa izokinak desagertzeko zorian izatea, arrain hazkuntzak eragindako mehatxuak, eta gizakiok naturan etengabe federik ez izatea aztertzen ditu.
Dehesa da emango duten bigarren filma, hilaren 20an. Munduan parekorik ez duen basoa da dehesa. Arteek, artelatzek, eta erkametzek gudu zelaia eratzen dute eta bertan, belarjale handiek erronka jotzen diote elkarri; katamotz iberiar dotore eta isilak zein arrano ikaragarriak ehizan aritzen dira, eta loreak kamuflaje herrigarriekin jantzitako harraparien ezkutaleku bihurtzen dira. Bertan topatzen dute animaliek dehesako jakirik preziatuena: ezkurrak.
Bi filmak 19:00etan emango dituzte, sarrera doakoa da, baina gonbidapenak eskuratu behar dira hemen. Udalak gogorarazi du pandemiaren eraginez, ezinbestekoa dela musukoaren erabilera.