Aurrekontu proiektuari 'anbizio falta' egotzi dio PSE-EE-k
Anbizio falta eta PSE-EE-rentzat estrategikoak diren arloetan murrizketak aurreikusi dituela argudiatuta, aurrekontu proposamenaren balorazio negatiboa egin du alderdi sozialistak.
Anbizio falta eta PSE-EE-rentzat estrategikoak diren arloetan murrizketak aurreikusi dituela argudiatuta, aurrekontu proposamenaren balorazio negatiboa egin du alderdi sozialistak. Agerraldia egin du gaur Isaac Palencia sozialisten bozeramaileak, aurrekontuaren balorazio negatiboa egitearekin batera, aurrekontua hobetzeko proposamenak aurkezteko lan egingo dutela bere alderditik azaldu du.
Balorazio negatiboa egiteko bi arrazoi dituztela esan du Palenciak, “aurrekontuan duen anbizio falta batetik, eta bestetik murrizketak planteatzen dituela guretzat estrategikoak diren arloetan. Gobernu taldeak —EH Bilduk eta Errenteria Elkarrekin alderdiek osatua— duela aste batzuk aurkeztu zuen aurrekontu proiektua, eta babes soiala, kultura eta ingurumena lehenetsi zituela esan zuen. Proiektua aurkeztuta baina, zehazki, hiru arlo horietan murrizketak egin dituzte aurtengo aurrekontuan: Ingurumenera %4,35 gutxiago, eta Kulturara %14,73 gutxiago bideratu du”. Gizarte zerbitzuetan ez dela murrizketarik egin, 165.000 euro gehiago bideratu direla erantsi du Palenciak, “baina Eusko Jaurlaritzak GLL Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara bideratu dituen 352.000 euroen azpitik”.
Ingurumen Sailan jarri du fokua alderdi sozialistako bozeramaleak, bertan planteatu den murrizketari, iaz gobernu taldeak egitea proposatu zuena gogora ekarrita, “2020rako arlo horretan %11,51ko murrizketa planteatu zuen gobernu taldeak, eta ez zen aurrera atera sozialistoi esker. Aurten, %4,35eko murrizketa planteatu dute”. Horren harira, aldaketa klimatikoari aurre egiteko, energia berriztagarrietarako, zarata planera eta hondakinen prebentziora bideratutako aurrekontuaren exekuzio maila baxua jarri ditu mahai gainean Palenciak, “agerian zuten du horrek guztiak gobernu talde honek ingurumenarekin eta aldaketa klimatikoaren aurkako borrokarekin duen konpromiso ezdeusa”.
Gizarte arloan 2020an %2,62ko murrizketa planteatu zuela gobernu taldeak ekarri du gogora, “aurten igoera txiki bat egin dute proiektuan, baina Eusko Jaurlaritzak GLLtara bideratutako laguntzen azpikoa da”. Arlo horretan, iazko aurrekontuan aintzat hartu eta diru zatia izan zuten pobrezia energetikoa, bakardadearen prebentzioa edota gazteen ludopatiari begirakoak desagertu egin direlako aurtengo aurrekontuan kexu azaldu da: “Pobrezia energetikoaren diagnostikoa eginda, baina horrek segida eskatzen du, jarraipena egitea, eta egoera horri aurre egiteko neurriak hartzea. Berdin gertatzen da beste bi arloekin, azterketa eta diagnostikoa egitea beharrezkoa da, baina gero neurriak ez badira ezartzen, ez bazaie jarraipen bat ematen, ezer gutxirako balio dute”.
Aurrekontu proiektuaren larriena Palenciaren hitzetan, aurrekontuak duen “anbizio eta hiri proiektu falta” da. “Une honetan, iraunkortasunetik ari dira etorkizuna lantzen hiriak, aldaketa klimatikoaren kontrako borrokatik, mugikortasunetik, eta hirigintza iraunkorretik —esan du— eta Errenterian gai horiei garrantziarik eman gabe jarraitzen dugu, hirien etorkizuna diren gaiak landu eta lehen lerroan jarri gabe jarraitzen dugu”.
Harago jo du, eta urtez urte errepikatu eta inoiz gauzatzen ez diren proiektuak daudela gaineratu du. Horren adibide, Ondartxoko partzelen erosketa jarri du. “Ez hori bakarrik, beharrezkoak ez diren eta auzoarekin kontatu gabe egiten dituzte proiektuak, Fanderiako berrantolaketa kasu, eta beste batzuk, berriz, desagertu egin dira aurrekontutik, Barandiaran parkea, Gaztañoko igogailua, Beraungo liburutegia, kiroldegia handitzea… Horiek guztiak aurreko agintaldietako proiektuak ziren, eta kudeaketa txarraren ondorioz bete gabe gelditu dira”, esan du Palenciak.
Alderdi sozialistak “aurrekontua hobetzeko” proposamenak egingo dituela esan du amaitzeko Palenciak, “ez gatzo bat gobernu taldearen aurrekontu proiektuarekin planteatzen dituen murrizketengatik, anbizio eta hiri proiektu faltagatik, eta behin eta berriz plateatzen duten epe laburreko politikarengatik”.