Arlo sozioekonomikoan euskara normalizatzeko jarduerak diru laguntzak emango dituzte
Herriko enpresa, elkarte, merkatari eta ostalariek euskara sustatzeko jarduerak %50era arte sustatuko ditu Oiartzungo Udalak.
Euskara sailak Oiartzungo arlo sozioekonomikoan euskararen normalizazioa sustatzeko ekimen gehiago lagunduko ditu diruz aurrerantzean. Abenduaren 15era arte egin daitezke eskaerak, Euskara Sailean.
Udalak iragarri duenez, aurrerantzean, euskararen normalizazioan diru laguntza berak izango dituzte enpresek (txiki, ertain eta handiek), merkatari eta ostalariek, eta elkarteek. Eragile sozial zein ekonomiko guztiek laguntza tekniko eta ekonomiko berberak eskatu eta jasotzeko aukera izango dute. Orain arte, arlo bakoitzean emandako laguntzak ezberdinak izan dira.
Horrela, udalak herriko enpresa, elkarte eta, merkatari eta ostalariek euskara sustatzeko egiten dituzten ekintzak %50ean lagunduko ditu. Gehienezko laguntza 2.000 euro izango dira.
Euskararen erabileraren normalizazioaren bidean ekarpena egingo duen edozein jarduera lagunduko du udalak. Hainbat adibide zerrendatu ditu udal erakundeak: webguneak euskaratzea; tiketak euskaraz egitea; itzulpenak; poltsak euskaraz jartzea; ordenagailuko programak euskaraz jartzea; establezimendu edo enpresa barruko errotulazioa euskaratzea…
2021 urtean 21.800 euro bideratuko ditu udalak, arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera normalizatzea laguntzen duten jarduerak laguntzeko.