[Galeria] Albaolako jangela berriak badu zurezko egitura
18-20 urte bitarteko zurgintza ikasleek sortu dute estruktura. 'GaztEgur' iniziatibaren espazio berriak 31 metroko luzera eta 7'5 metroko altuera du.
Albaola Itsas Kultur Faktoriak abiarazitako GaztEgur proiektuaren baitan jangela berri baten zurezko egitura eraiki dute mugaz gaindiko hiru zurgintza eskoletako ikasleek: Albaolakoak, Iruñeko Donibane Li-LH ikastetxekoak eta Angeluko (Lapurdi) Les Compagnons du Tour de France zentrokoak, 18-20 urte bitartekoak denak.
Urriaren 16an jendaurrean aurkeztu zuten iniziatiba eta gaur goizean erakutsi dute, bertso eta txalaparta artean, irailetik egunera arte egindako lanaren emaitza: 31 metroko luzera eta 7,5 metroko altuera dituen espazio berria. Horri esker, faktoriako kideek eguneroko jantokia izango dute, eta beste erabilera anitz ere ematea da ideia, bestek beste, batzar areto gisa erabiliko dute edota tailerrak nahiz hainbat ekitaldi antolatzeko.
Faktoriako presidente den Xabier Agotek zurezko jangela urtea bukatu aurretik erabilgai izateko nahia jarri du mahai gainean goizeko agerraldian. Zurezko egitura prest dago eta “azken ukituak” besterik gelditzen ez direla azaldu du, “zailena” eginda baitago jada.
Proiektuaren helburu nagusiak honakoak izan dira:
- Zurgintza ikasketak egiten ari diren gazteen arteko kultur- eta ezagutza-trukea ahalbidetzea.
- Ekonomia, kultura eta lanbideen ikuspegitik interes orokor handia duen mugaz gaindiko egiazko lankidetza bat gauzatzea.
- Zurak eraikuntzarako duen baliagarritasuna begien bistan jartzea izan dira.
Aurkezpena
Gaurko agerraldiari Albaolako buru Xabier Agotek eman dio hasiera, bertaratutakoei eskerrak emanez eta proiektu berrian egindako lanagatik miresmena adieraziz lanean urte erdiz baino gehiago egon direnei. Izaskun Gomez alkateak hartu du hitza beste eskualdeetako bisitariei udalerrira ongi etorria emateko.
Pasaiako Portu Agintaritzaren ordezkaritza David Candelariok hartu du, eta haren atzetik hartu dute hitza, besteak beste, honako erakunde hauetako kideek: Gipuzkoako Foru Aldundia, Nafarroako Gobernua, Euroeskualdea, Europako Kanpo Harremanetako Ministeritza, Lekuona Arkitektura, Mavi burdinak eta EQUILAN Shop & Design. Bi ikastetxeetako ikasleek ere adierazi dute elkarlanagatiko esker ona.