Espazio publikoaren gainean gogoeta egiteko bildu dira
Lezoko hiri-espazioan eta ekipamenduetan zaintza integratzeko egitasmoa lantzen ari da EH Bildu. Horri begira, Bartzelonako Unibertsitateko hiru ikaslek lan saioak gidatu dituzte aste honetan.
Lezoko EH Bilduk «datozen urteetako erronka handienetako» bati ekin dio, Lezo Errotik parte hartze prozesutik eratorritakoa: herriko hiri-espazio eta ekipamenduetan zaintza integratuko duen egitasmo globala osatzea dute helburu. Horretarako propio lantalde bat sortu du koalizioak, eta horren harira astelehenetik atzora arte hainbat lan saio egin dituzte Ikastolako jantokian.
Saioak Arquitecturas del cuidado lanaren egile den Irati Mogollon lezoarraren laguntzarekin egin dira, eta Bartzelonako Unibertsitateko Goi Mailako Arkitekturako hiru ikasle izan dira saioak dinamizatzen, euren ikasketa prozesuaren Arquitectas de cabecera atalaren barruan: Julia Duran, Carmen Chacon eta Roser Roca. A La Fresca kolektiboko kideak dira hiruak. Zaintza eta espazio publikoa lotzen dituen jardunaldiek bihar izango dute jarraipena, era zabalagoan egingo den saioarekin, proposamenak lantzeko eta horiek era taktikoan gauzatzen saiatzeko.
Kataluniako ikasleekin izan da HITZA, euren zereginaz gehiago jakiteko. Julia Duranen arabera, Lezo Errotik-en egindakoan sakontzeko aukera izan dute astean zehar; badaukate Lezoren gaineko pertzepzio bat, baina herritarren hitzetatik datu gehiago jaso nahi izan dituzte.
Horrela, astean zeharreko saioetan hirigintza egitura ikuspegitik herriaren analisia egin dute hainbat adineko herritarrekin sortutako talde dinamikan. «Horren bitartez saiatu gara herria denaren errelato errealagoa egiten. Mapen gainean lan egin dugu, eta mapek interes batzuen araberako espazioaren banaketa irudikatzen dute. Horietan lezoarrek zer nahi duten eta zer ez irudikatu nahi izan dugu», zehaztu du Duranek.
Espazio publikoa
Duranek argi du ez herrietako espazio publikoak, ezta egungo etxebizitzak ere, ez daudela prestatuta adinekoek eta herritarrek oro har dituzten beharretara. Pandemian hala frogatu dela nabarmendu du: «Espazio komunek ere baliagarri izan behar dute espazio pribatuetan egiten diren jardueretarako, tartean, adinekoen zaintza. Ardura kolektiboa eskatzen du horrek. Kaleko espazioak kapitalaren nahien arabera daude ordenatuta, bere beharrei erantzuteko». Herriak alda daitezkeela irudikatzea «ariketa osasuntsua» dela esan du Duranek, eta espazio komunak gehiengoaren beharrei erantzun behar diela: «Beraz, kaleen, plazen edo espazioen egiturek herritarren beharrak ase behar badituzte, zergatik ez dute herritarrek, kasu honetan lezoarrek
pentsatzen zer nolako herria nahi duten?».
Erabat garbi du Duranek: «Hirigintzarekin ere politika egin daiteke».