UEUn ikasten duten oiartzuar guztiek jasoko dute udalaren diru laguntza
UEUko ikastaroetan parte hartzen duten oiartzuar guztiei emango die laguntza ekonomikoa aurrerantzean, gehienez 100 euro.
Oiartzungo Udalak jakinarazi duenez, Udako Euskal Unibertsateko (UEU) ikastaroetan parte hartzen duten oiartzuar guztiei emango die laguntza ekonomikoa aurrerantzean.
Diru laguntza horiek urte osoan zehar eska daitezke, abenduaren 15era arte. Euskara Sailean egin beharko dira eskaerak (Fermiñene eraikinean dago udalaren sail horren bulegoa). Udal iturriek zehaztu dutenez, UEUren udako zein neguko ikastaroak lagunduko ditu udalak.
Ikastaroen prezioaren %50 lagunduko du udalak, gehienez ere 100 euro arte.
Udal erakundeak adierazi duenez, orain arte UEUn ikasten zuten ikasle eta langabetu oiartzuarrak laguntzen zituen Udalak. Hemendik aurrera, laguntza hori zabalduko dute eta UEUn ikasten duten oiartzuar guztiek izango dute diru laguntza eskatzeko aukera.