Gorka Urbizuren emanaldietarako sarrerak, maiatzaren 2an salgai
'kantugiLtza' solasaldi musikatu zikloaren antolatzaileek Arizmendienean bertan salduko dituzte sarrerak. Pertsona bakoitzak bi sarrera har ditzake gehienez.

Urbizu, Bilbon, 2019an [Arg.: Gaizka Peñafiel].
Maiatzaren 23an Gorka Urbizu musikari nafarrak solasaldi musikatua eskainiko du Oiartzunen. Saio bikoitza eskainiko du, 17:30ean eta 19:30ean, Gotzon Barandiaranek gidatuta.
Horietarako sarrerak datorren asteko igandean —maiatzak 2— salduko dituzte antolatzaileek, emanaldia izango den tokian bertan: Arizmendienean.
11:00etatik aurrera egongo dira salgai sarrerak, eta pertsona bakoitzak gehienez bi sarrera har ditzakeela jakinarazi dute. Zazpi euroan salduko dituzte.
Ziklo horren helburua musikariak gertutik ezagutzea da, baita ezagutaraztea ere. Horrela, “giro goxoa” sortu nahi dute 2021 honetan ere. Igande arratsaldeetan izango dira saioak.
Lagun arteko garaia / Bizardia elkarteak pasa den urtean antolatu zuen, estreinako aldiz, kantagiLtza solasaldi musikatuen zikloa.
Ekainaren 20rako Olatz Salvador gonbidatu dute, eta uda bukaerarako, Niko Etxart (irailaren 19rako).
