Iker Sarriegi eta beste zazpi euskal herritarren kontrako epaiketa uztailean hasiko da
Euskal presoen asistentzian ari ziren zortzi pertsona epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, uztailaren 12tik aurrera.
Espainiako Auzitegi Nazionalak euskal presoen asistentzian eta laguntzan aritzen ziren zortzi lagun epaituko ditu uztailaren 12tik aurrera. 13/13 sumarioaren barruan dagoenetako bat Iker Sarriegi abokatua da —Oiartzunen bizi da—.
Beste zazpiak honakoak dira: Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain, Julen Zelarain, Saioa Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregi. Zigor eskaera, denera, 77 urtekoa da. 2010ean atxilotu zituzten, eta horietako batzuk espetxeratu zituzten.
Epaiketa hasieraren dataren berri emateko agerraldia egin dute Bilbon, eta mobilizazioak deitu dituzte uztailaren 10erako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan.
Bertan, presoak euskal herriratzea eskatu dute, eta “gatazka politikoaren zauriak ixteko ordua” dela gaineratu. “Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekin lanean ari ginen, presoak agertoki politiko berrira moldatzen laguntzeko, baita irtenbidearen eragile aktibo izan zitezen ere”, gaineratu dute.
Espainiako Estatuaren “estolderiari” egotzi diote konponketarako oztopoak jartzea. “CNI inplikatua zegoen, inolako babes legalik gabe; frogak manipulatu ziren; oinarrizko eskubideak urratu; eta tratu txar eta torturak eman ziren”, gaineratu dute auzipetuek.
Auzitegi Nazionalak jokatutako papera gaitzetsi dute: “Salbuespenezko tresna da, dena iraganean ainguratuta jarrai dezan”.