Juanito Arozenaren txistua isildu da
Lartaun txistulari taldeko kide historikoa eta Oiartzungo kulturgintzako erreferenteetako bat hil da, 91 urterekin.
Juanito Arozena txistularia hil da 91 urterekin,. Altzibarko Albisturrene etxean jaio zen, 1930eko otsailaren 7an.
1940an hasi zen Dionisio Martiarena sakristauarekin handik aurrera banaezina izango zuen instrumentua jotzen ikasten. Hurrengo urteko San Inazio Egunean jo zuen txistua kalean; kontaezinezko emanaldietan lehenengoa izan zen hura.
Hamasei urte zituela —1946an— Oiartzungo Udal Txistulari Taldearen kide izan zen, ezohiko adinarekin. Hurrengo urtean Donostiako kontserbatorioan aberasten hasi zen musika jakinduria.
Lartaun elkartearen txistulari taldeak eman zuen lehenengo kontzertuan parte hartu zuen, eta elkartearen presidente izan zen 1965etik 1968ra. Elkarteari lotuta egon da beti, baita Altzibarko Billerari ere.
1964an hasi zen eskolak ematen, 1980 urtera arte. Gaur egun biblioteka dagoen tokian hasi zen klaseak ematen, gero ospitale zaharrena pasatu ziren, hortik Caja Laboralera eta gero Madalensorora. Ehun ikasle baino gehiago pasa ziren bertatik.
Jarrai teatro taldean ere aritu zen antzezten. Hamabost obra jokatu zituzten oholtzetan, guztiak euskaraz.
Txistulari saga bateko kide, ia azkenera arte parte hartu du Xanisteban Eguneko kontzertu nagusian. 2015eko xanistebanetan, gainera, festei hasiera ematen dien txupina botatzeko ohorea izan zuen.
Bere bizitzari errepasoa eman zion 2016ko Oiartzun urtekarirako egin zioten elkarrizketan. Arozenaren txistua isildu da, baina bere doinuen oihartzuna oraindik entzungo da herriko txokoetan.