Oiartzun KEko neskek 86 minutu soberan izan dituzte
Lehen Nazional Mailako neskek Logroñes azpiratu dute, lehenengo lau minututan bi gol sartuta. Hirugarren taldeak husna berdindu zuen Allerrurekin.
Oiartzun Kirol Elkarteko neskei 86 minutu sobratu zitzaizkien larunbat goizean Karla Lekuonan jokatutako partidan. Logroñesen bisita jaso zuten oiartzuarrek, eta begiarekin klisk egiten zuten bitartean bi gol jaso zituzten. Laugarren minuturako oiartzuarrak markagailuan agintzen ari ziren.
Hortik aurrera, partidaren erritmoa moteltzen joan zen. Errioxarrek aldea moztu zuten bigarren zatian, baina oiartzuarrei kilima batzuk besterik ez zizkieten egin. Azkenerako, Maialen Lobetek eta Maria Granadok sartutako golak izan ziren balio izan zutenak, eta hiru puntuak Ugaldetxon geratu ziren.
Oiartzun sailkapeneko laugarren postuan dago, liga bukatzeko sei partidaren faltan.
Bestalde, asteburuan jokatu duen beste taldea nesken hirugarrena izan da. Allerruren kontrako eskualdeko derbia jokatu zuten atzo, eta markagailua ez zen mugitu.