Donostiatik Pasaiara itsas bidaiak eskainiko dituzte Lucretia belaontzian
Hilaren 15etik aurrera eskainiko dira irteerak, Albaolara bisita barne. Itsas bidaiak bi orduko iraupena izango du, 10:00etan irtenda Donostiako portutik.
Bi orduko iraupena duen itsas bidaia eskainiko dute hil honetatik abuztura arte, Lucretia holandar belaontzi enblematikoan.
Itsas esperientzia, Albaola Faktoriara bisita barne, maiatzeko eta ekaineko larunbatetan eta uztaileko eta abuztuko ostegunetan egin ahal izango da. 10:00etan irtengo da ontzia Donostiako portutik, Kontxako badia inguratu eta Pasaiako norabidea hartuz, Uliako itsaslabarretatik pasa ondoren Pasaiako badiako bokalean sartuko delarik.
Bidean, Ostarte Sailing-eko tripulazioak ingurua ezagutzeko azalpenak eta belaontziaren nabigazio tekniken inguruko azalpenak emango ditu.
Behin Pasaiara iritsita, belaontziak Albaola Itsas Faktoriaren kanpoaldean utziko ditu bisitariak, museora sartzeko. Bertan, inguruko kostaldeko itsas historia ezagutzeaz gain, XVI. mendeko San Juan baleontziaren berreraikuntza zuzenean ikusi ahal izango dute, besteak beste. Bisita amaituta, motora zerbitzua eskainiko dute Pasaiara heltzeko.
Irteera hauek egiteko erreserbak online egin daitezke, edo 943 29 99 83 telefono zenbakira deituta. Bidaiaren prezioa 41 eurokoa da helduentzat, 26 eurokoa 3-6 urte bitarteko haurrentzat eta doakoa 0-3 urte arteko haurrentzat.